Kartzelatik auzoko kultur etxera
Egiako Herrira Bilguneak antolatutako Elkartasun Astearen barruan, Espetxetik Egiara erakusketa zabalik dago bihar arte.
Egiako Herrira Bilguneak antolatutako Elkartasun Astea gaur bukatuko da. Hala ere, auzoko presoek egindako eskulanekin osaturiko erakusketa bihar arte ikusi ahal izango da Egia kultur etxean. Marrazkiak, egur eta larru lanak, eskuz jositako manta eta poltsak… espetxe barruan egindako hamarnaka gauza daude ikusgai.
Joan den ostegunean ireki zituzten Espetxetik Egiara erakusketaren ateak, eta bihar itxiko dituzte. Hori dela eta, gaurko eta biharko arratsaldeetan, 17:00etatik 21:00etara, izango dira auzoko presoen eskulanak ikusteko azkeneko aukerak.
Auzoko bederatzi presoren eta preso ohi baten lanak dira ikusgai. Izan ere, erakusketa ireki zutenean espetxeratuta zeudenen artean zegoen Jazint Ramirez. Baina, 20.000 euroko bermea jarrita kalera irten zen ostiralean.
Ramirezen ekarpena, larruzko diru zorro bat, hamarnaka gauzek lagunduta dago; marrazkiak, egur tailak, txotxongiloak… Egiako Herrira Bilguneko kide Nerea Redondok azaldu duenez, «sormen eta lan askoko gauzak daude hemen».
Batzuek, espetxeratu baino lehenagoko joerak lantzeko aukera izan badute ere, beste batzuek hutsetik garatu dute eskulanak egiteko zaletasuna. «Jon Salaberriak, esaterako, espetxeratu baino lehen ez zuen marrazten, baina orain ondo eta asko egiten du».
Lanak ez ezik, lanabes bat ere ikus daiteke erakustokian. «Egurra tailatzeko erabiltzen uzten dioten tresna ikusgai jartzeko eskatu zigun Armando Legazek; ikusten denez, ez da egurrerako egokiena», azaldu du Redondok enmarkatutako aizto txikia nabarmenduz.
Elkartasun Astea gaur bukatuko da txikienei zuzendutako ekimenekin eta ondorengo elkarretaratze bereziarekin. Irrien Lagunen puzgarria eta emanaldia gozatzeaz gain –17:00etatik aurrera–, txokolate jatea ere izango dute haurrek. Bestalde, Egian hilabeteko azken ostegunetan egin ohi den elkarretaratzea gaur egingo dute aste honen ekimenekin bat egitearren.

