Martuteneko bizilagunen artean, zalantzak eta etsipena nagusi
AHTa egiteko desjabetze agiriak sinatzera udaletxera hurbildu direnen artean, Martuteneko Olatxo baserrikoak daude. Orain sinatzeak ondoren alegazioak aurkezteko aukera emango diela azaldu dute. «Nahi ala ez, Abiadura Handiko Trena egin egingo dute», esan du Olatxo baserriko Jose Manuel Zabalegik. Azpiegitura eraikiz gero, hiru mila metro koadro ingururi eragingo liokeela kalkulatu du Zabalegik. Ibilbidearen inguruan, halere, ziurra den «ezer» ez dakitela onartu du Martutenekoak. Ez da lehenengo aldia Olatxo baserrikoek desjabetze prozesu bati aurre egiten diotela. Urumeako bigarren ingurabideko lanek ere eragin zieten. Orduan, bi mila metro koadroko lursaila desjabetu zieten.


