Orozkoko eta Donostiako gaztetxoak elkarren aurka ariko dira pilotan
Alde Zaharra elkarteak gonbidatuta etorriko dira pilotari bizkaitarrak bihar, Trinitate plazan jokatzera
Donostiako Alde Zaharra kirol elkarteak eta Orozkoko Olgetan Euskal Pilota Kirol Elkarteak bat egingo dute bihar. Parte Zaharreko Trinitate plazan elkartuko dira bi klubetako jokalari gaztetxoak, 10:00etan, eta bertako frontoian hainbat esku pilota partida jokatuko dituzte. Hala, donostiarren gonbidatutako 50 lagun bizkaitar inguru etorriko dira asteburuan Donostiara.
Alde Zaharra pilota saila puri-purian dabil, hainbat haurrek eta gaztek jokatzen baitute Iñaki Fernandezen aginduetara. Urtean zehar hainbatetan egiten ditu klubak anaiarteko jardunaldiak Gipuzkoako herriekin. Donostiarrei deia egin die klubak, biharko partidak ikustera joateko: «Hurbil zaitez, eta pilotaz gozatu!».


