Probestu plaza izango da Amara Berriko jaien gune nagusia
San Joan jaietako gaurko egitarauaren lehen lerroan azaltzen dira AEK euskaltegiak antolatzeko ardura hartu dituen haur jolasak; baina ospakizunen hasiera ofiziala 19:30ean botako duten txupinazoak ezarriko du. Horren jarraian, festen arima den Ikasbide Kultur Elkarteak hainbat pertsona omenduko ditu bere intsignia emanez. Herri afaria eta zezensuzkoa izango dira festetako lehen egun xume honi bukaera emango diotenak.
Jaietako egunik luzeena, ezbairik gabe, biharkoa izango da. 10:30ean Ikasbide Kultur Elkarteko dultzaineroek ekingo baitiote dianari. Hamabi ordu geroago hasiko da azkeneko ekitaldia, DJ batek girotutako dantzaldia. Bi horien bitartean, berriz, kirolak, eta gastronomiak plaza hartuko dute.
Haurrek ere zeregin izango dute larunbatean; izan ere, pailazoen emanaldia izango baita, Ernest Lluch kultur etxearekin elkarlanean antolatuta; zehazkiago, Korri, Xalto eta Brinkoren Entresaka ikuskizuna.
Dantzari eta gastronomiari emango diete igandea Amara Berriko jaietako antolatzaileek. Izan ere patata tortilla txapelketa eta dantza erakustaldi eta desfileak nabarmendu baitituzte egun horretako egitarauan.
Astelehenetik ostiralera atsedena hartuko dute festek. Bueltan izango dira, ordea, ekainaren 23an; hau da, San Joan bezperan. Egun horretarako bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, 19:30ean hasiko den kalez kaleko kantu emanaldia; eta bestetik, Gaska kiroldegian, 22:30ean egingo den San Joan sua.


