Telefonista automatikoa San Telmon

San Telmo Museoaren zuzendari Susana Sotok bildumako telefono zentral berriaren bidez kudeatutako deia egin zuen tresnaren aurkezpenean. (Argazkia: Mikel Goñi)
Tamaina handiko bi pieza dira, eta biek lotura zuzena izan dute hiriarekin. Proiektorea Presentacion de Maria ikastetxean jarri zuten 50eko hamarkadan, eta erabiltzeari utzi ziotenean Kutxak Arrasate kalean duen aretora eraman zuten, bertakoaren ordezkoa izan zedin. Miramongo zientzia museoa ireki zutenean, hara eraman zuten komunikaziori buruzko arloko erakusgai gisa. Hala ere, atzoko aurkezpenean Ignazio Zuzuarregi Eureka!-ko zuzendariak azaldu zuenez, «egokiago ikusi» zuten San Telmon industrializazioari emandako gunean.
Antzeko ibilbidea egin zuen aurkeztu zuten beste piezak; hau da, bere jatorrizko gunetik Miramar Jauregira eta handik San Telmo Museora, Miramonetik pasatuz. Telefono zentralaren modulu hau Donostiako Udalak telefonia zerbitzua emateko erabili zuen zentral osoaren parte bat da. Ericsson enpresak egin zuen, eta bertako langilea zen Ignazio Cochok azaldu zuenez, 500 telefono linea kudeatzen zituen. «Honek beste 20rekin batera, San Martzial Bi zentrala osatzen zuten, 10.000 lineari ematen zieten zerbitzua».
Donostiako Udalak 1926an jarri zuen abian bere telefonia zerbitzua eta San Telmo Museoan ikus daitekeen tresna 1930eko hamarkadakoa da, hasierakoaren oso antzekoa, alegia. 1988an desantolatu zituzten San Martzial kaleko zentralak, nahiz eta oraindik funtzionatzen zuten, atzoko aurkezpenean erakutsi zuten moduan.
