Herritarrek egindako proposamenei erantzun die udalak
Proposamen eta erantzunak laburbiltzen dituzten etxetxoak kultur etxe eta herritarren bilgune diren tokietan egongo dira hilabete bukaera bitartean erakusgai
Udazkenean udalak Auzo eta herriak Donostia indartzen ekimena jarri zuen abian. Hilabeteotan udal ordezkari eta herritarren artean egindako lana irudikatu dute Alderdi Ederren.
Hiru hilabetez 32 batzar egin zituzten eta 800 proposamen inguru jaso zituzten. Azken bost hilabeteetan proposamen horiek aztertzen aritu ostean erantzun dituzte. “800 konpromiso dira eta horiei banan-banan erantzuten ahalegindu gara”, dio Axier Jaka Partaidetza zinegotziak. Herritarrak entzun eta haien errealitatea bertatik bertara ezagutzeko egindako lanaren emaitza auzo eta herritan banatutako kartoizko etxetxoetan laburbildu dituzte.
Herritarren proposamen eta udalaren erantzunak ezagutzeko, “auzo eta herri” bakoitzari dagokion etxetxo bakoitza kultur etxe edo herritarren bilgune diren tokietan jarriko dituzte hilabete bukaera bitartean.
Juan Karlos Izagirre alkateak herritarrekin inplikatuta daudela azpimarratu du eta prozesu hau “harribitxi” bat dela zehaztu du. “Kultur politiko berri baten hazia” izango dela uste du, “parte hartzaileagoa, sozialagoa eta anitzagoa”. Auzoak eta Herritarren Partaidetzako zuzendariak, Amaia Agirreoleak, bestalde, herritarrengatik gertu lan egiteak euren lana “gaurkotu eta freskotu” egiten duela erantsi du. Ekimenak, era berean, sail desberdinen eta udal langileen arteko elkarlana sustatu duela nabarmendu du, eta beharrezko jo du “proiektuei erantzun hobea emateko”.
