Izarrez bete nahi dute Intxaurrondoko kultur etxea
“Plaza eskaini nahi diegu euskaraz sortutako jarduera artistikoak egiten dituztenei: kantua, dantza, magia, bakarrizketa, bertsoa…”, azaldu du Mikel Urdangarik elkartekideak. Ikastetxeetako musika eskoletan, antzerki eskoletan, edo euren kabuz landutakoa zabaltzeko aukera da. Horrekin batera, bi xede nagusi ditu ekimenak. Batetik, euskarazko kultur ekimenak sustatzea; eta bestetik, gazteek ondo pasatzea. Plazara Goazek sustatua izanik, euskara erabiltzea ezinbestekoa da. Groseko Fernando Ruiz aktorearen aurkezpenak eta ikuskizunak euskaraz egingo dituzte. Trebezia erakusteko lagungarri gisa musika erabiliz gero, edozein hizkuntzatan izan daiteke, baina euskaraz izatea baloratuko dute.
Egitasmo berritzaile eta berezia da, jarraipena izateko sortua. 18 urtetik beherako gazteek eta haurrek parte har dezakete. Hau da, 1994ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoek; beti ere, gurasoen baimena badute. Bakarka nahiz sei lagun arteko taldean, baina ikuskizun bakarrean. Hauek neskek eta mutilek osatua izatea kontuan hartuko dute. Ikuskizunak, gehienez, bost minutuko iraupena izango du; eta ez dute oinarrizko eskubideren bat urratzen duen saiorik onartuko.
Hautaketa proba, hilaren 26an Euren gaitasun artistikoa erakutsi nahi dutenek ostirala arte dute izena emateko. Horretarako, plazaragoaz@gmail.com edo intxaurrondo@donostia.org helbidera idatzi behar dute, parte hartzaileen datuak –izen-abizenak, adina, telefonoa, posta elektronikoa– eta ikuskizunaren azalpena adieraziz. Urdangarinek zehaztu duenez, oraingoz, bederatzi taldek azaldu dute interesa. “Gehienek kantatu egingo dute, gitarrarekin, harparekin… batzuek beraiek egindako kanta ekarriko dute. Partaide gazteenak 6 urte ditu eta zaharrenak 18”. Guztiek, hilaren 26an hautaketa proba gainditu beharko dute, bi egun geroago lehiatu ahal izateko. Proba nahiz lehiaketa, Intxaurrondo kultur etxean egingo dituzte, 18:00etan.
Bi sari izango dira: teknologia berriak eta kultur produktuak erosteko 500 euroko eta 300 euroko bonoak. Lehena, Ainhoa Aierbe aktoreak, Barry Manley umoregileak, Edu Muruamendiaraz dantzariak eta Itsaso Gutierrez musikariak osatutako epaimahaiak erabakiko du. Bestea, berriz, ikuslegoak.
Epaimahaiak bere erabakia adosten duen bitartean, iaz, Durangaldeko Izarren distira lehiaketako irabazle izan zen Elorrioko Mesie antzerki taldearen emanaldia eta Lain taldearen kontzertu akustikoa izango dira. Sarrera doakoa da, eta ezusteak nahiz opariak izango dira.

