Maramara taldeak lehen hitano barnetegia antolatu du
Ikastaro trinkoa Ataungo Lizarrusti parketxean egingo dute uztailaren 16tik 21era bitartean.
Udara euskara ikasteko garaia izaten da askorentzat. Horretarako, euskaltegiek eta irakaskuntza zentroek barnetegiak antolatu ohi dituzte. Eskaintza horri berritasun bat gehitu dio aurten Portuetxeko Maramara taldeak. Izan ere, lehen hitano barnetegia antolatu baitu. 45 orduko ikastaro trinkoa da, Ritxi Lizartzaren Mintza hadi lagun! liburuko metodologian oinarrituta. Uztailaren 16tik 21era bitartean egingo dute Ataungo Lizarrusti parketxean; eta irakasleak Lizartza bera nahiz Eneko Haritza izango dira.
Azken urteetan hitanoari buruzko ikastaro ugari emana ditu Maramara taldeko kideek. Modu trinkoan eginda, partaideek gehiago aprobetxatzeko aukera izango dutela uste dutenez, barnetegia antolatzea erabaki dute. Izan ere, ikastaro trinkoak astebetean 30 ordu teoriko eta 15 praktiko egiteko aukera ematen baitu. “Irizpideak ikasteaz gain, mintzapraktika asko egingo dute. Erabateko aprobetxamendua egiteko parada dute”, zehaztu du Lizartzak. Horretarako, goizetan, bost ordu eskainiko dizkiote hitanoaren nondik norako teorikoei, eta arratsaldean, hiru ordu mintzapraktikari.
08:30etik 14:30era bitartean, hamaika unitate teoriko-praktiko landuko dituzte. Arratsaldetan, berriz, 16:00etan hasita, mintzapraktika bideratzeko ekimenak eta irteerak egingo dituzte: Lareo urtegira txangoa, Barandiaran museoari bisitaldia, Arbizura irteera… Hauetan eztabaidak eta talde dinamikak gauzatuko dituzte, eta gidariekin edo herritarrekin toka eta noka aritu beharko dute ikasleek.
EGA maila, eskakizun
Gutxienez hamar laguneko taldea osatu beharko da ekimena gauzatzeko. Parte hartu nahi dutenek, Lizartzak dioenez, “euskaldun jantziak izan behar dute. Euskaldun zaharrak edo euskalduntze prozesutik datozenak, baina EGA maila gutxienez badutenak. Titulua izatea ez da beharrezkoa, baina ezagutza maila, bai”. Hala ere, bereziki euskararekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago ikastaroa, hau da, irakasleei, itzultzaileei eta euskara teknikariei. Oinarri teoriko sendo bat eman nahi zaie, euren lanean hitanoa zuzen eta egoki landu ahal izan dezaten.
Uztaila hasiera arte izango da izena emateko aukera. 325 euroko kostua du, eta horretarako, info@hitanoa.com helbidera idatzi behar da. Informazio gehiago nahi dutenek, aldiz, Hitanoa.com webgunean topatuko dute. Partaideek, Mintza hadi lagun!metodoa jasoko dute opari.
