Eusko Trenbide Sarearen Altzako geltokiaren lehen harria jarri dute

Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu ordea, Patxi Lopez lehendakaria eta Iñaki Arriola Herri Lan eta Garraio sailburua lehen harria jartzeko ekitaldian erabilitako bete zuten kutxa egunkariz eta dokumentuz. (Argazkia: Mikel Goñi)
Ekitaldian, lehendakariaz gain Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak eta Donostiako zinegotzi eta Gasteizko gobernuko Garraio sailburuorde den Ernesto Gascok hartu zuten parte. Gascok Altzaren inguruko azalpenak eman zizkien beste biei, eta baita proiektuaren inguruko xehetasunak ere. Lopezek esandakoaren arabera, azpiegitura berriari esker altzatarrak eta Altza bera, hiriaren erdigunetik «gertuago» izango dira.
Herritarrak datozen asteetan hasiko dira lanak nabarmentzen, Herri Lan saileko arduradunek horretarako agindua «horrela eman» dutelako.
Eraikuntza lan hauek Altzako geltoki berria ez ezik, Herreratik Altzarako Eusko Trenbidearen bikoiztea ere ekarriko du, bi norabideetako trenen trafikoa ahalbidetuz eta honenbestez maiztasuna areagotuz.
Herrera eta Altza arteko trenbide zatiak 1.040 metroko luzera izango du. 2015 urterako prest egotea espero dute lanen arduradunek, eta baita auzoari zerbitzua emango dion geltoki berria ere. 31 hilabete beharko dituzte.
Altzako geltoki berriak bi sarrera izango ditu, bata atzoko ekitaldia egin zen metro gutxira, hau da Larratxo pasealekuaren 98. zenbakiaren parean; bestea, berriz, Arriberri inguruan jarriko dute. Sarrera horietatik 28 metro lur azpian egongo den geltokira iritsi ahal izango da, eta bertan Pasai Antxo aldera zein Herrera alderako trenak hartuko dira, bi alboetan izango baititu nasak; horietatik kalera zuzenean irteteko igogailuak izango dira ere.
Jaurlaritzaren Herri Lan eta Garraio sailaren arabera, azpiegitura berriak geltokitik 10 minutura bizi diren 21.500 altzatarri emango die zerbitzua. Donostialdeako Metroa deritzotenak 33 milioi bidaiari izatea espero dute proiektuaren arduradunek.
«Bi abiaduratako Euskadi» Lanen lehen harria jartzeko ekitaldian, Lopezek adierazi zuen proiektu honek «bi abiaduratako Euskadi sortzea» saihestuko duela. Eta gogor kritikatu zituen Donostialdeako Metroaren proiektua «krisia aitzakiatzat hartuta baztertzen dutenak».
Lopezek beste erakundeetako proiektuen inaugurazioak ere salatu zituen, «protokolo ekitaldi hutsak» direla esanez.



