Zea Mays, Doctor Deseo, Esne Beltza eta Ken Zazpi izango dira Saguesen
Aste Nagusian Saguesen joko duten taldeen kontzertuen berri eman du udalak. Euskal taldeak izango dira jaun eta jabe, jaietako egitarauko agertoki nagusian: Zea Mays eta Doctor Deseo (larunbatean, abuztuaren 11n), Esne Beltza (igandean, abuztuaren 12an), La Fuga (astelehenean, abuztuaren 13an), Aste Nagusia Dance (asteartean, abuztuaren 14an), Gose eta Fuel Fandango (asteazkenean, abuztuaren 15ean), 100% Gourmet eta Mala Rodriguez (ostegunean, abuztuaren 16an), Anai-arrebak eta Ken Zazpi (ostiralean, abuztuaren 17an). Abuztuaren 11tik 17ra bitartean Saguesen eskainiko dituzten kontzertuak «kalitate handikoak» izango direla ziurtatu du Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak. «Gustu guztietarako» eskaintza aletu du Txapartegik. Krisiak ez du barkatzen eta aurtengo Aste Nagusiari ere eragingo dio. Abuztuaren 18an, larunbatean, ez da kontzerturik egongo Saguesen, ez bestelako ekitaldirik Viktoria Eugenia erdigune izango duen su festa piromusikalaren ondoren.