Abonamenduak berritzeko epea ireki du Lagun Arok
Endesa Liga duela egun gutxi bukatu den arren, hurrengo denboraldian pentsatzen hasteko unea iritsi da dagoeneko. Hain zuzen ere, Lagun Aro Gipuzkoa Basketek abonamenduak berritzeko epea zabaldu du. Taldea zaleei hurbiltzen jarraitzeko helburuarekin, iazko prezio berdinak mantendu dituzte. Horrenbestez, 163 eta 683 euroren artean ordainduko dute helduek; eta 357 eta 571 euroren artean, familiek. Haurrek, erretiratuek eta unibertsitate ikasleek beherapenak izango dituzte.
Endesa Ligako etxeko 17 partidak aurreikusita daude abonamenduan; Europako norgehiagokak ez dituzte kontutan hartu, oraindik egutegiaren berri ez dagoelako.
Gaur egungo abonamenduen berritzea modu automatikoan egingo dute; hortaz, baja eman nahi duena klubarekin jarri beharko da harremanetan bazkide txartela bertan behera uzteko, ekainaren 22a baino lehen. Abonamenduak uztailaren 4ean kobratuko dituzte; hori bai, ordainketa helbideratuta ez duten bazkideek klubaren bulegoetatik pasa beharko dute ordaintzeko, uztailaren 4a baino lehen.
Era berean, eserlekua aldatzeko aukera izango dute bazkideek, ekainaren 25 eta 29 bitartean. Bazkide berriek, berriz, uztailaren 5ean egin ahalko dute abonamendua.
Panko eta Vidal gabe?
Kirol arloari dagokionez, aurrekontua itxita ez dagoenez, klubak oraindik ez du batere garbi zeintzuk izango diren datorren denboraldian izango dituen jokalariak. Lanean ari dira, baina ia ezinezkoa izango du Panko eta Vidal mantentzea. Lehenak hainbat eskaintza jaso ditu; Khimki talde errusiarrarena, tartean. Bigarrenak Unicaja eta Valentzia ditu atzetik.



