Realeko belar hockeyko nesken lana zoriondu du alkateak
Ohorezko Mailako Ligan bigarren, Kopan txapeldunorde eta Europan fase finalera sailkatu dira. Realeko belar hockeyko neskek «denboraldi borobila» egin dutela aitortu du Juan Karlos Izagirre alkateak, udalak jokalariei egin dien harreran. «Nahiz eta titulurik eskuratu ez, lan borobila egin dutela esatea ez da gehiegikeria», esan du alkateak. Kirol gutxituen eta emakumeen alde egiten duten lana goraipatu du Izagirrek, halaber.
Jokalariak, halere, ez dira titulurik gabe geratu, alkateak oroigarri plaka eman baitie. Realeko jokalariek trukean apirileko partida batean alkateak eta Realeko kapitainak, Maite Azkoagak, ateratako argazkia oparitu diote.
Azkoagak udalaren harrera eta oparia eskertzearekin batera, egindako lanarekin «harro» daudela esan du. Egindako esfortzuari eutsi eta datorren urtean emaitza hobeak lortuko dituztela agindu du.


