Aldundiaren eta euskararen babesaz

Lehen lerroan, Maialen Zelaia, Esti Aizpurua, ahaldun nagusi Martin Garitano eta Ane Bergara; atzean, berriz, Esait eta aldundiaren beste ordezkariak. (Argazkia: Mikel Goñi)
Larunbatean jokatuko dute Euskal Herria eta Eslovakiaren arteko emakumezkoen futbol partida. Bertan arituko diren jokalarien ordezkariak hartu zituen Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, aldundiaren jauregiko Tronuaren aretoan. Hori baino lehenago argazkia atera zuten aldundiaren sarrerako eskaileretan. Selekzioko jokalari guztien izenean Esti Aizpurua eta Maialen Zelaia donostiarrek eta Ane Bergara beratarrak jardun zuten; hirurak Realeko jokalariak dira. Ekitaldian beste pertsona batzuek ere parte hartu zuten, besteak beste, Ikerne Badiola Kirol foru diputatuak, Martxel Toledo Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeko kideak (ESAIT), eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiaren Euskara zuzendariak. Garitanok ekitaldian azaldu zuenez, Gipuzkoa «berdintasunaz eta euskaraz» nahi du, eta horrexegatik eman dio aldundiaren babesa partidari. Are gehiago, kontuan izanik, «emakumezkoek gizonek bezain beste, eta askotan gehiago egin behar izaten dutela».
Era berean, euskara izango da partida honen adierazgarrietako bat. Toledok azaldutakoaren arabera, «partida toki txikiago batean egitea pentsatuta genuen, baina Euskararen Kontseiluarekin batera hasi ginenean, Anoetara 12.000 edo 15.000 lagun eraman ditzakegula pentsatu genuen».
Partida eguna, eta jai eguna ere Partida larunbatean, 16:30ean, jokatuko da Anoetako estadioan, eta bertara sartzeko 10 euroko sarrera ordaindu beharko da. Txartelak Hamaikagara.com eta Barrabarra.eu webguneetan, Erniope tabernan eta Aratz erretegian eros daitezke aldez aurretik.
Honen guztiaren aurrean, benetako protagonistek, hau da, jokalariek oraindik ere lasai daudela zioten atzo, nahiz eta egoera arraroa dela onartu zuten. «Horrelako gauza asko egiten ari gara, prentsaurrekoak eta abar; baina gu, jokatzeko gogoz gaude. Atzo –herenegun– Anoetan entrenatu genuen eta hori bai dela bitxia», azaldu zion Aizpurua antiguatarrak IRUTXULO HITZA-ri.
Agintariek, antolatzaileek eta jokalariek euskal herritar guztiak animatu zituzten Anoetara joatera partidaz gozatzera.
Aizpuruak adierazi zuenez, selekzioko kideek bere lana egingo dute hori horrela izan dadin. «16:30ean ahal dugun guztia emango dugu, beti ere, ondo pasatzeko asmotan».
Eslovakiaren aurkako partidaren eguna, ordea, jai eguna ere izango da; antolatzaileek goizeko 11:00etan hasiko den ekitaldi oparoa prestatu baitute. Besteak beste, Ze Esatek! taldearen emanaldia, Txan magoaren eta Irrien Lagunen ikuskizunak eta beste hamaika ekitaldi izango dira estadioaren kanpoaldean zein barrualdean.
