Bertsotan, Haizearen Orrazian
Antiguako jaien bigarren asteburuan Jon Maia, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio ariko dira itsas bazterrean
Antiguako San Joan jaien antolatzaileetako bat den Antiguotarrak elkarteak, bere 30. urteurrena ospatzeko, ekitaldi berezia atondu du auzoko festen bigarren astebururako. Hala ere, Haizearen Orraziaren plazan egingo den bertso saioa ez da egunotako ekitaldi bakarra. Haurrek, gazteek eta helduek zeregin ugari izango dituzte datozen egunetan.
Antiguotarrak elkarteko kidea den Ion Martinez Txiki-k prestatu du auzoko jaietako egitarauan nabarmentzen den bertso saioa. «30. urteurrena ospatzeko polita izan litekeela pentsatu genuen». Berezia egiteko, ordea, Haizearen Orrazian kokatzeaz gain, puntako bertsolariak ekarriko dituzte. Hain zuzen ere, Unai Elizasu Altzako gai jartzailearen esanetara jardungo baitute Maialen Lujanbiok, Unai Iturriagak eta Jon Maiak.
Txikik azaldutakoaren arabera, Elizasuk gaien inguruan zerbait aurreratu zion. «Haizearen Orrazian eginez gero, arteari eta Euskal Herriko kulturari kasu egingo dietela esan zidan». Espresuki hautatutako bertsolariak dira; izan ere, Lujanbio eta Iturriaga Arte Ederrak ikasitakoak baitira eta Jon Maia kultur ekimen ugaritan buru belarri sartua baitabil.
Eskenatokia ere egoerarako prestatuko dute. «Argi joko baten bidez, intimitatea emango diogu Haizearen Orraziari… eta aulkiak ere jarriko ditugu». Saioa bihar, 22:00etan, izango da, eta euria botako balu, frontoira lekualdatuko lukete.
Anari eta Morau, bakarka Kulturari erabat emanda dago Antiguako sanjoanen bigarren zatia. Besteak beste, gaur bertan, Dokan, Añorgako gazteen antzerki laburra taularatuko dute, 20:00etan; Anari eta Morau kantarien kontzertua hasi baino lehen. Abeslari hauen gaurko emanaldiek berezitasun bat izango dutela aurreratu du Txikik. «Biak bakarrik arituko dira, talderik gabe».
Bestalde, jaiak San Joan suarekin bukatuko badira ere, Antiguatarrak elkarteko eta Antiguatarrak Dantza Taldeko kideek beste bi egun gehitu dizkiote egitarauari; zehazkiago, Greziako eta Esloveniako dantzei emandakoak. Ekainaren 29an eta 30ean, herrialde horietako dantza tailerrak, desfileak eta erakustaldiak egingo dituzte.
