Altza barruko auzo txikian, hamarnaka hitzordu ezarri dituzte datozen lau egunetako festekin gozatzeko.
Txupinazoak gaur, 18:30ean, emango du Oletako jaiak hasteko agindua. Horren ondoren Altzako auzo txikia lau eguneko festetan murgilduko da. Ohikoa den moduan, musikak, janariak eta kirolak bat egingo dute egitarauan. Larunbatean Cafe Irlandes taldeak girotuko duen berbenaren ondoren, 03:15ean, horrelakoetan ezohikoagoak diren «helduentzako jolasak» txertatu dituzte eginbeharrekoen zerrendan.
Auzoa bezain txikia izango da Zurrumurru antzerki taldeak Oletara eramango duen Txurrimurri eta Morriston zirkoa. Haurrentzako emanaldi hau igandean egingo dute, 18:00etan, auzoaren izen bera duen plazan, hain justu jaiak bukatu baino lehen.