K1 Donostiara jaialdiak artez beteko ditu Egiako kaleak, etzi

Jaialdian parte hartuko duten Cote Saizar, Josean Arbiza, Karmele Agirrezabal, Josean Vitoria, Jose Mari Perea, Amaia Agirrezabal eta Gorka Esnal. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Auzoarekin nolabaiteko lotura duten artista ugarik parte hartuko dute egun osoan zehar luzatuko den ekimenean.
Alor anitzetako artista egiatarrek euren lana erakutsiko dute larunbatean. K1 Donostiara izenburupean, egun osoko jaialdia egingo dute etzi auzoko hamaika txokotan. Iaz artista egiatarrei buruzko To auzoa/Toma barrio liburua kaleratu zuten Ipar Komunikazio Grafikoak-eko Karmele eta Amaia Agirrezabalek. Zinemagileak, aktoreak, margolariak… Egian, 300 artista profesional baino gehiago zeudela jakin zuten. Liburuan oinarrituta, hauek lokaletatik atera, elkar ezagutu, eta euren sorkuntza jendeari ezagutaraztea otu zitzaien. Sustatu nahi zuten harreman sarearen lehen emaitza da.
Lau bat hilabete daramatzate egitaraua denen artean prestatzen. “Tailerretik kalera ateratzeko egingo dugu. Bakoitzak nahi duen bezala, libre, bere sorkuntza jendeari erakusteko”, argitu zuen antolakuntza lanetan dabilen Gorka Esnalek. Jaialdiari auzoko “monumentu” bakarraren izena eman diote. Izan ere, Mandasko Dukearen kalean hodi pare batek erdi estalita, “a SnS un 1 Km” dioen xafla berde bat bada. Ikur gisa hartu duten gune hori aukeratu zuten ekimena aurkezteko ere. Bertan elkartu eta Donostiabuseko autobus batean igota, auzoan barrena ibilbidea eginez, eman zituzten azalpenak. Etzi auzoa girotuko duten hainbat lagunek hartu zuten hitza. “Musu truk egingo dugu, gure artea maite dugulako. Jende askok parte hartuko du, eta harrituta gaude inplikatzearekin. Hemendik ekimen berriak sortzea espero dugu”, azaldu zuen Karmele Agirrezabalek. Dendariei, ikastolei, banketxeei, lantegiei… denei eman diete ekimenaren berri eta askok, boluntarioki, babestu egin dute.
“Esker oneko izan nahi dugu” Partaide guztiek nolabaiteko lotura dute Egiarekin. “Bertan bizi, lan edo poteak hartzen dituzte…”, zehaztu zuen Agirrezabalek. Hamaika txoko hartuko ditu euren arteak. Batzuek ordu zehatz batean, beste batzuek, aldiz, egun osoan zehar. Azkenetako bat, Jose Maria Pereak eta beste hemeretzi artista plastikok egingo dute. Gauerdian hasita, hamar autobus geltoki apainduko dituzte; publizitateak izan ohi duen tartea margolanekin jantziz. Pereak azaldu zuenez, lanetako bat postumoa izango da; Amable Ariasena, hain zuzen ere. Haren bikoteak Ariasek pastelekin egindako emakumezko biluzi bat eta poema bat aukeratu ditu ekimenerako.
Antzerkia ere ezohiko tokietara eramango dute. Ados Teatroko eta Arte Eszenikoen tailerreko kideek, 9 lineako autobusetan hiruzpalau minutuko sketchak egingo dituzte. “Anitzak dira: langabezian sinesten duen predikaria, estralurtarrek ideiak ez lapurtzeko bidaiariei burua aluminiozko paperarekin estaliko dien bikotea, autobusean lapurreta egingo duena…”, azaldu zuen Josean Vitoria aktoreak. Bestetik, Susurradores ekimenean, 20 aktorek poemak xuxurlatuko dizkiete oinezkoei belarrira. “Geldiunea sartuko dugu hauen bizitzan, zarata izan ohi den tokian hitzak jartzen saiatuko gara”. Vitoriak adierazi zuenez, “auzoari eman digunaren zati bat itzuli nahi diogu, esker onekoak izan nahi dugu”. Carmelo Moreno aktoreak 2fusioa”oinarri duen ikuskizuna prestatu du. Egiarekin duen lau hamarkadako harremana eskertzeko, Federico Garcia Lorcaren Bodas de sangre, Yerma eta La casa de Bernarda Alba lanen bukaeren irakurketa dramatizatua zuzenduko du. Musika, aldiz, gurpil gainean zabalduko dute zazpi musika taldek. Kamioian ibiliko dira Egian barrena, eta Josean Abeziak zehaztu zuenez, ezustean hainbat tokitan kamioia gelditu eta bizpahiru abesti eskainiko dituzte.K1 DONOSTIARA JAIALDIAREN EGITARAUA
- 12:15ean.Pantxineta Txintxelita klowna. Bulebarretik Egiara autobusez eta auzoan barrena. Ados Teatroaren Susurradores, auzoko kaleetan. Cote Saizarren ¿Bailas?, Plaza Berrin. Musika eta dantza eskolako ikasleen kontzertua, Egia parkean.
- 12:30ean. Dandai taldearen Giltzarria; Egia Bizirik taldearen Gernu-eustea. Kaña 2Kaña trikitixa taldea auzoan barrena.
- 13:00etan. Ados Teatroaren Urban Stop, 9 lineako autobusetan. Lainon taldearen Poesia-kaxa pasabidean barrena.
- 14:00. Estibaliz Alvarezen Grabatudantza, Karmengo Amaren hiribidea eta Tejeria kalean.
- 16:00etan. Laura San Juanen Collage, Ur-zaleak pasabidean. Mariano Aguadoren Adstudio plazan, Plaza Berrin.
- 17:30ean. Zapata&Piliday eta Roulot taldeen kontzertua, Kata plazan. Plus55eko batukada, auzoan barrena.
- 19:30ean. Egiako Lamiak abesbatza eta Xudur taldea, Plaza Haundin.
- 23:30ean. Carmelo Morenoren Una hora con Federico Garcia Lorca errezitaldi dramatizatua.
- Autobus markesinak. Zeharrargia, 20 artista plastikoren esku hartze artistikoa.
- Kamioia. Rock Kam Brom, zazpi talderen ezusteko kontzertua.
- Tejeria kalea. Aitor Ikastolako haurrek eta La Bigorniak egindako Tximinia teila eskultura.
- Plaza Gorria. Utzi zure mezua botilan.
- Jolma Boutique. All Make-Up-ek bodypaintinga egingo du.
- Eizmendi burdindegia. Erramun Saldiasen bildumak ikusgai.
- Karmengo Ama kalea. Tytty Thusberg-en Hiri-esekitokia.
- Deba ibaia kalea. Fausto eta Erreka jatetxeen Piano piano.
