Musikeneko ikasleek Euskadiko Orkestrarekin kolaboratuko dute
Bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute, elkarlana sustatzeko helburuarekin
Cristina Fragaren hatzek jarri zioten musika Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzari, atzo goizeko aurkezpenean. Musikeneko ikaslea da Fraga, eta Robert Schumann musikagile alemaniarraren pieza bat eskaini zuen pianoan. «Egun berezia denez, modu berezian hasi nahi izan dugu», azaldu zuen Iñigo Alberdik, orkestrako zuzendari nagusiak. Patricio Goialde, Musikeneko kudeatzaile akademikoa, eta Musikeneko beste bi ikasle ere izan zituen ondoan Alberdik. Izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek hitzarmen garrantzitsu bat sinatu zuten atzo bertan. Hitzarmenaren helburu nagusia, bi erakundeek indarrak batzea da, eta ikasleek esperientzia profesionala zuzenean bizitzea. Hitzarmenari esker, Musikeneko ikasleek orkestrarekin denboraldiko kontzerturen batean joko dute, besteak beste. Jorda Gela izeneko programa osatu dute hitzarmenaren bidez; eta datorren ikasturtean abiatuko da. Momentuz, lau urteko balioa izango du, baina luzatzeko asmoa dute.
Musikene, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegia da, eta Euskadiko Orkestrak bezalaxe, Donostian du egoitza. Horretaz gain, musikaren sustapena dute helburu biek, eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak dira. Hori guztia dela eta, elkarlanean aritzeko nahikoa arrazoi badituztela erabaki dute. «Hasieratik argi genuen elkarlan interesgarria zela. Urria aldera hasi ginen biltzen hitzarmena osatzeko, eta nahiko lan erraza izan da», aipatu zuen Goialdek.
Bost zati nagusi
Hitzarmenak bost zati nagusi ditu: Musikeneko ikasleek orkestraren denboraldiko kontzertuetan joko dute; orkestrako bakarlari gonbidatuek ikasleei eskola bereziak eskainiko dizkiete; orkestra zuzendaritzako azken mailako ikasleek orkestra zuzentzen lagunduko dute; bi erakundeek egoitzak eta instrumentuak partekatuko dituzte; orkestra praktikarako master instrumental baten sorrera bultzatuko dute. Hori guztia biltzen saiatuko da Jorda Gela izeneko ekimena. Programaren izenak berak ere badu bere zentzua. Izan ere, Enrique Jorda, Euskadiko Orkestrako lehen zuzendari titularra izan zen, eta bera omentzeko modu gisa erabiliko dute.
Musikeneko egungo ikasleek ere euren iritzia emateko aukera izan zuten aurkezpenean. Rakel Rivera, esaterako, flauta ikaslea da egun, eta ekimenarekin oso pozik agertu zen. «Oso aukera interesgarria iruditzen zait, orain arte ez dugu halako aukerarik izan. Mundu profesionalera hurbiltzeko modua izango dugu», aipatu zuen Riverak. Asier Puga, berriz, orkestra zuzendaritza ikaslea da, eta berak ere baikor begiratzen dio hitzarmenari. «Ikasketen eta arlo profesionalaren arteko hainbat muga kentzen lagunduko digu. Beti izan dugu harreman ona orkestrarekin, eta orain, pauso bat gehiago emango dugu», nabarmendu zuen Pugak.
Egun, orkestra osatzen duten bizpahiru musikari baino ez dira izan Musikeneko ikasleak. Hitzarmenaren ondorioz, etorkizunean kopuru hori handitu daitekeela uste dute. Ikasle askoren nahia, orkestra batean jotzea izaten baita.



