Udan zabalduko dute Uliako naturaren interpretazio zentroa
Uliako eta inguruko animali eta landareak ezagutzeko gunea izango da irratiaren etxea izandako eraikina
Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxeak lagun hurko bat izango du uda honetan Ulian. Axier Jaka Ingurumen zinegotziak aurreratu duenez, udan zehar zabalduko dute Uliako naturaren interpretazio zentroa. «Proiektua amaitzen» ari direla zehaztu du Ingurumen zinegotziak.
Krisi ekonomikoaren atarian, Espainiako Gobernuak udalerrietan herri lanak bultzatzeko laguntzak banatu zituen eta Donostiako Udalak hainbat auzotan lan ugari egin zituen. Hala nola, Ulian, Basolluako ingurua txukundu zuten duela hiru urte eta hiriko bazter askotatik ikus zitekeen Uliako antena kendu zuten. Itxita zegoen irratiaren etxea eraberritu zuten, halaber. Txukuntze lan horiek eraikina Uliako eta inguruko animali eta landareak ezagutzeko ingurumen etxe bilakatzeko asmoz egin ziren. Asmo horiek, bada, egia bihurtuko dira ondorengo hilabeteetan.
Udal gobernuak herritarrei jakinarazi dienez, Cristina Enea Fundazioak sinatuko du etxe hori erabili eta kudeatzeko hitzarmena udalarekin. Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazio lanetarako tresna «ezinhobea» izango dela aditzera eman dute. Uliatarrei bideratutako azalpenean interpretazio zentroak erakusketa bat izango duela diote. Bertan, geologia, landareria eta animaliei buruzko bitxikeriak aurkeztearekin batera, Uliaren egungo egoeraren eta gertakari historikoen kontakizuna egingo dute.
Leku irekia izatea nahi dute, gainera. Ahalik eta jende gehien hurbil dadin, eskoletako talde eta bisitariei zuzendutako ekimenak antolatuko dituzte. Natura hobeto ulertzeko tresna bilakatzeko helburua izango du.
Uliatarrekin ere elkarlanekin arituko direla gaineratu dute. Auzo elkarteak, esaterako, Zuhaitz Eguna antolatzen du eta udan irekiko den Uliako naturaren interpretazio zentroan ekimen hori garatu ahal izango dutela zehaztu du udal gobernuak.
Aurten ere udako zinemaldia
Uliako eskaintza zabaldu bitartean, Egiako parkean lanean ari diren Cristina Enea Fundazioko arduradunek proposamen sorta prestatu dute udarako. Aurten ere parkea gauez zabalduko dute lau film eskaintzeko. Udako zinemaldiak iaz «erantzun ezinhobea» izan zuela nabarmendu du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak: «Gau giro polita sortu zen iaz eta aurten ere berriz animatu gara».
Bihar emango dute lehenengo filma eta gainontzeko ostiraletan beste hiru. Gordon Douglasen La humanidad en peligro, Terminator, El increible hombre menguante eta Stanley Kubricken ¿Telefono rojo? Volamos hacia Moscu filmak izango dira, hurrenez hurren, Egiako parkeko zerua argituko dutenak.
Era berean, egunotan Rio de Janeiron (Brasil) Nazio Batuen Garapen Jasangarriari buruzko biltzarrean zein aurrerapauso eman diren argitzeko bi hitzaldi antolatu dituzte. Biak udaletxeko udalbatzar aretoan izango dira 19:30ean. Lehenengoa, uztailaren 5ean izango da eta gizarte eragileetako ordezkariek hitz egingo dute. Uztailaren 12an alderdi politikoetako ordezkarien txanda izango da.


