Unai Gazpio izango da Realeko Superligako entrenatzailea
Añorgako emakumeen taldeak zuzendu izan ditu orain arte 38 urteko antiguatarrak
Dagoeneko ofiziala da, Unai Gazpio antiguatarra izango da Realeko Superligako futbol taldeko entrenatzailea datorren denboraldian. Gazpiok 38 urte ditu, eta Añorgako emakumeen jubenil taldearekin igoera lortu berri du. Xabier Illarretak bigarren entrenatzaile postuan jarraituko du, eta arlo fisikoa, Juan Carlos Samaniegok eramango du aurrerantzean ere. Bestalde, egitura aldaketaren barnean, atalaren kirol zuzendaritza Izaskun Azpillagak hartuko du, martxoan klubak adierazi zuen bezala. Garbiñe Etxeberriaren laguntza izango du, idazkari tekniko bezala jarraituko baitu. Erabaki horiek emakumeen futbolari bultzada emateko direla dio klubak.
Lucasek agur esango du
Larraitz Lucas egiatarra ez da Gazpioren esanetara egongo. Izan ere, Realeko kapitainak taldea eta futbola uzteko erabakia hartu du. Euskal Herriko selekzioarekin jokatuko du Lucasek bere azken partida ofiziala, etzi, Anoetan. Eli Encisok, Esti Bajok eta Sonia Lopezek ere Reala utziko dute.
