Bertsoaz, amaz... eta bizikletaz

Bertso irakasle jardun zuen atzo San Telmo Museoan Xabier Amuriza bertsolari bizkaitarrak. (Argazkia: Mikel Goñi)
Bertsotarako hiru gauza jakin behar direla azaldu zien Amurizak ikasleei: kantatzen, kontatzen eta errimak egiten. Hasieran zail xamar ikusi zuten, baina bost minuturen bueltan konturatu ziren gehienek doinu dezente zekizkitela. «Denborarik ez dugulako, baina zuetako edozeini ehundik gora doinu ezagutzen dituela egingo nioke apustu».
Errimak osatzeari ekin zioten horren ondoren. Beste segiden artean, mendia, hiria, Andaluzia eta ahalegin handia segida osatu zuten ikasleek.
Errimak egitearen oinarria menderatuta zeukaten. Hitz laukotea arbelean idatzita, bakoitzari ideia bana lotu zioten.
Doinuak emandako silaba kopurua jakinda, esaldiena kontatzeko ordua iritsi zen; eta ideia bat osatzeko hitzak luzera horretara makurtzekoa, noski.
Nire hitza zuen lerroan, ikasleek faltan zuten silaba bat, eta Amurizak bertako euskalkia gogorarazi zien ikasleei: «Nola esaten da hemen, Donostian, nire beste modu batera?… Neronen, horrela ere esaten da».
Bertsotan aritzeko jarraibide erraza eman zien Amurizak euskara ikasleei. Lehenik eta behin, bertsoa bukatzeko modua aukeratu behar da. Horren ondoren, berriz, oinak edo errima hitzak aukeratu, eta jarraian loturiko ideia-esaldia osatu behar da. Horien silabak kontatuta, betegarrirako balioko duten hitzak eta ordezkoak jarrita, bertsoa kantatzeko moduan egongo da edozein. «Hori ikas daiteke, eta gero bizikletan ibiltzea bezalakoa da; denok ikas dezakegu bizikletan ibiltzen, baina… Tourrean ibiltzea… hori beste kontu bat da».


