Gregorio Ordoñezen arreba gaur bilduko da Valentin Lasarterekin

Bilera Barne Ministerioaren bergizarteratze planean sartuta dago, eta Zaballako kartzelan izango da Consuelo Ordoñez, Gregorio Ordoñez PPko zinegotziaren arreba, gaur bilduko da Valentin Lasarte presoarekin. Ordoñezek azaldu duenez, bilera Zaballako kartzelan (Araba) izango da, eta bere bizitzako “une zailenetako” bati aurre egin beharko dio. Gregorio Ordoñezen arrebak esan du komunikabideei egun bat geroago erantzungo diela Gasteizen egingo duen prentsaurreko batean, Terrorismoaren Biktimen kolektiboak hala eskatuta. Bilera Barne Ministerioak presoak gizarteratzeko martxan jarri duen planean sartuta dago. Gregorio Ordoñez Gipuzkoako PPko zinegotzia eta Euskadiko PPko bozeramailea izan zen, 1995eko urtarrilaren 13an udaleko lankide batzuekin Donostiako Alde Zaharreko jatetxe batean bazkaltzen ari zela hil zuten arte. Presoen eta biktimen arteko elkarrizketak “arriskuan” Presoen eta biktimen arteko elkarrizketak “arriskuan” daudela salatu du bi aldeen arteko elkarrizketak antolatzeaz arduratzen den bitartekaritza taldeak. Ohar bidez euren kezka adierazi dute elkarrizketek hartu duten norabidearekin, eta adierazi Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak bultzatutako Bergizarteratze Plan berriak negatiboki eragin dezakeela prozesuan. Bitartekaritza taldeko Txema Urkijo, Jaime Arrese, Maixabel Lasa eta Xabier Etxebarriak eta, elkarrizketa horietan parte hartu duen biktima batek, Iñaki Garciak, sinatzen dute testua. ETAren biktimen eta indarkeria baztertu duten presoen arteko elkarrizketak 2011n hasi ziren, gobernu sozialistak bultzatuta. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du. Denbora tarte horretan biktimen eta presoen arteko 11 topaketa antolatu dira, eta orain bitarteko bilera guztiak garrantzitsuak eta positiboak izan direla azpimarratu du bitartekaritza taldeak. Iritzi ezberdina dute bihar Consuelo Ordoñez biktimak eta Valentin Lasarte presoak egingo duten bileraren gainean, “hortik ez da gauza onik aterako” esan dute. “Biktimak lau haizeetara zabaldu du ez duela prozesu horretan sinesten eta desegin nahi duela”.
HITZAkide HITZAkide