Intxaurrondoko eta Etxadiko kiroldegiek Donostia Kirolako gastua handitu dute
Donostia Kirolak ikuspegi orokor batetik hartutako “aldaketa eta irtenbide sakonak” behar dituela esan du Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziak
Etxadi kiroldegiko kudeaketa zuzenak eta Intxaurrondoko kiroldegiko urte osoko mantenuak Donostia Kirola patronatuko gastua handitu dute. 654.000 euro gehiago dira bideratu beharrekoak. Gastu horri aurre egiteko hainbat partidatan murrizketak egitea proposatu zuen udal gobernuak Donostia Kirola patronatuaren batzordeak atzo egin zuen bileran; proposamen hori, ordea, atzera bota zuten oposizioko taldeek. Besteak beste, Eskola Kirola ekimenetik 20.000 euro kentzea, kirol elkarteei ematen dizkieten laguntzetatik 40.000 euro murriztea eta mantenuan 164.000 euro aurreztea planteatu zuten.
EAJk ez du proposamen horrekin bat egin eta “momentuko irtenbidea” dela adierazi du Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziak. Donostia Kirolak, baina, ikuspegi orokor batetik hartutako “aldaketa eta irtenbide sakonak” behar dituela erantsi du.