Lana by Kutxa Kulturrek San Telmo Museoa jantziko du
Diseinatzaile berriei bultzada eman nahi dien lehiaketa berritasun askorekin itzuliko da urrian.
Sortzaile gazteak ezagutarazi eta hauei bultzada ematea du helburu Kutxa Kultur Moda diseinatzaile berrien lehiaketak. Urrian egingo dute hirugarren aldiz, eta eraberriturik itzuliko da. Hala ezagutarazi zuten, atzo, Kutxa Fundazioko ordezkaria Iñaki Altunak eta ekimenaren arduradun Eva Riverak. Diseinatzaileekin eta profesionalekin lehen bi urteen inguruko gogoeta egin ondoren, antolatzaileak lehiaketa moldatzeko beharraz jabetu dira. Izenetik hasita, edukietaraino. Beti ere, gazteei euren helburua lortzen laguntzeko xedeari eutsiz.
Kutxa Kultur Moda zena, Lana by Kutxa Kultur da orain. Errege Katolikoen kalean jarri ohi zuten karpa utzi, eta diseinatzaile gazteek San Telmo Museoa modaz jantziko dute. Orain arte, gazte gipuzkoarrek bakarrik parte har zezaketen lehiaketan, baina aurrerantzean estatukoei zabalik egongo da erakusleihoa.
Egitura aldatu, eta lehiaketaz gain, moda azoka ere izango da Lana. “Erakusteko tokiaz gain, diseinatzaileei zirkuitu profesionalera hurbiltzeko bultzada eman nahi diegu”. Urriaren 19, 20 eta 21 bitartean, San Telmoko elizan pasarela jarriko dute. Bertan ikusgai izango diren lanak moda profesionalek epaitu eta sarituko dituzte. Lehen saria 3.000 eurokoa da. Areto kapitularrean, berriz, showrooma izango da. Hau da, jantziak erakusgai eta salgai izango dira bertan. Bi ekimenotan parte hartu nahi duten diseinatzaileek uztailaren 30a arte izena eman dezakete Kutxakulturlana.com webgunean edo info@kutxakulturlana.com helbidera idatziz. Originaltasuna, balio estetikoak eta artistikoak kontuan hartuta hautatuko dituzte parte hartzaileak.
Bestalde, moda blogariei ere txokoa egingo diete Lanan. Euren iritzi eta kritikekin egitasmoan parte hartu nahi duten blogariek aipatutako bideak erabiliz izena eman dezakete.
Antolatzaileek datozen asteetan ezagutaraziko dituzte egitaraua, epaimahaikideak eta gainontzeko sariak.



