Partaidetza marka hautsiko du berriro ere Donosti Cupek, 392 talderekin
Gaztetxoen futbol txapelketak bost kontinenteetako 7.500 lagun bilduko ditu, uztailaren 1etik 7ra
«Era xumean hasi zineten, baina hazi egin zarete, eta ondo hazten jakin duzue gainera; tartean Urrezko Danborra ere jaso duzue», adierazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak, XXI. Donosti Cupen aurkezpenean. Markak hausten jarraitzen du gaztetxoen futbol txapelketak, eta partaide gehien biltzen dituen Europako laugarren txapelketa izatea lortu du. Aurtengo ekitaldia, nazioartekoena eta partaide gehien bilduko dituena izango dela diote antolatzaileek, eta hala da. Bost kontinenteetako 392 taldek parte hartuko dute Donosti Cupen, uztailaren 1etik 7ra. Zehazki, iaz baino 55 talde gehiago lehiatuko dira. Emakumeen partaidetzak ere gora egin du eta 78 izango dira aurten. Kalkuluen arabera, 7.500 partaide izango ditu txapelketak.
Hainbat herrialdeetako gaztetxoak izango dira txapelketan: Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Irlanda, Suetzia, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Kolonbia, Nigeria, Uganda, Australia… guztiek maila polita emango dutela ziur daude antolatzaileak, eta garrantzitsuena, kirolaren aitzakiarekin ongi pasako dutela Donostian.
Aurten ere, bere elkartasun izaerarekin jarraituko du Donosti Cupek. Txapelketa beti saiatzen da baliabiderik ez duten herrialdeetako haurrei ere parte hartzeko aukera ematen, Donosti Cup in the world ekimenaren bidez. Aurten, lau herrialde txiroetako talde bana izango dira lehian; Irakeko Olinpico Alsader, El Salvadorreko Tacuba, Mendebaleko Sahara, eta Ukraniako Chernobil elkartea.
Almandozi, eskerrak
Aurkezpenean, Kutxako Iñaki Almandozi antolatzaileek sinatutako baloi bat oparitu zion Iñigo Olaizolak, txapelketako zuzendariak. «Laster erretiratzekoa dela entzun dugu eta opari bat egin nahi genion esker gisa», aipatu zuen Olaizolak. Almandoz guztiz ustekabean harrapatu zuen, hala ere, erantzuteko gai izan zen. «Ziur egon zaitezke nire etxeko tokirik onenean jarriko dudala», esan zuen hunkituta Almandozek.
Datorren astelehenean,uztailak 2, Anoeta estadioan txapelketaren irekiera ekitaldia egingo dute, 22:00etan. Ekitaldirako sarrera doakoa izango dute 12 urtetik beherako haur guztiek, baina helduek bi euro ordaindu beharko dituzte. Sartzeko, estadioko 2 eta 27 ateak egongo dira zabalik.
Txapelketarako, guztira, Donostialdeko 20 zelai erabiliko dituzte, eta 1.000 partida inguru jokatu ostean, Anoeta izango da maila guztietako finalen lekuko. Atzerriko hainbat epaile egongo dira lanean, txapelketari nazioarteko kutsu gehiago emateko. Donosti Cupek 13 maila desberdindu ditu; gizonezkoen zortzi (B19, B 16, B15, B14, B 13, B12, B11 eta B10) eta emakumezkoen bost (G, G18, G16, G14 eta G12).
Kirolaz egiteaz gain, hainbat jai izango dituzte gaztetxoek. Eurokopako finala, esaterako, pantaila erraldoi batean ikusiko dute, Txuri Urdin izotz jauregian. Ostegunean, berriz, Donosti Cup Music Festivalaz gozatuko dute, besteak beste.



