Sei sortzaileren lanak batu ditu ‘2egunDesign’ ekimenak
Ikusgai jarritako apaingarriak erosteko aukera izango da, gaur eta bihar, Ekain Arte Lanak galerian.
Hiriarekin harremana duten sei sortzailek euren diseinuekin beteko dute Ekain Arte Lanak galeriako erakustaretoa, gaur eta bihar. 2egunDesign izena duen ekimenean, material eta teknika anitzekin egindako lanak ikusgai jarriko dituzte, 12:00etatik 20:00etara bitartean. Ez da, ordea, ohiko erakusketa. Parte Zaharreko galeriara bertaratzen direnek, egileekin hitz eginez gero, diseinu lanaren prozesua ezagut dezakete; eta horrez gain, gustuko dituzten piezak etxera eraman ditzakete, salgai baitaude.
Urte hasieran lehenengoz egin zuten ekimena, eta emaitza ona izan zuenez, errepikatu egingo dute. Ez hori bakarrik. Egun bakarreko jarduera izatetik bi egunekoa izatera pasatu da. “Urtean bitan egin nahi dugu. Guk gogoa jarri dugu eta beraiek propio sortu dute honetarako”, argitu zuen Ekaineko arduradun Rita Unzurrunzagak, atzo, partaideetako batzuekin erakusketa prestatzen ari zela.
Eskaintza ugaria da Gill Connon, Marta Fernandez Caballero, Gabriela Muñagorri, Virginia Ameztoy, Idoia Unzurrunzaga eta Inhee Jeon diseinatzaileek osatutakoa. Jeon korearrarentzat estreinako aldia da erakustareto honetan; gainontzekoek, berriz, aurrekoan ere parte hartu zuten. Jeonek, zeramika eta ehun gaineko diseinuak eskuz egiten ditu. “Nagusiki etxerako apaingarriak dira: musu zapiak, mantalak, mahai zapiak…”. Gill Connon eskoziarrak, aldiz, kapelak eta bururako apaingarriak ekarri ditu. “Zaharra berriarekin elkartzea gustatzen zait”. Hala, lumak, feltroa eta lastoa, aurkitzen dituen erabili gabeko botoi, harri, zinta… batzen ditu. Erdialdeko Idoia Unzurrunzaga argazkilariak natura irudiekin apaindutako lanpara bereziak eta ispiluak sortzen ditu. Gabriela Muñagorri antiguatarrak, berriz, zetazko belusak jarri ditu ikusgai. “Oihalen estanpazioen diseinu digitalak eta serigrafiak egiten ditut teknika artisauekin”.
Hurrenez hurren, lepoko zapiak eta bitxiak egiten dituzten Virginia Ameztoyk eta Marta F. Caballerok ez dute gaur hutsik egingo.



