Urte osoko zama sutan arintzeko hamaika aukera egongo da bihar
San Joan bezperako ohiturari eutsiz, lore sortak banatuko ditu Bagerak Antiguan, Saguesen eta Egian
Urteko gaurik magikoenaren atarian gaude. Bihar ospatuko da San Joan bezpera eta hiriko bazterrak sugarrek argituko dituzte. Usadioari jarraituz, makina bat izango dira buruhauste ala amesgaiztoz beteriko zama arintzeko su artera hurbilduko diren lagunak. Pentsamendu txarrak uxatu ahal izateko aukerak ere nahi beste izango da hiriko edozein bazterretan. Urteko gaurik magikoena jendartean ospatu ahal izateko auzo bakoitzean prestatu duten egitaraua begiratu besterik ez dago.
Ohitura zaharrak berreskuratzeko ahaleginetan dira Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kideak. Gaitzak uxatu, etxea babestu eta etxekoen osasun ona bermatzeko San Joan lore sortak egin ohi zituzten, eta desio berberak herritarren artean zabaltzeko gogoz, lore sortak banatuko dituzte, bihar, 22:00etan, Saguesen, Antiguan eta Egian. Urte osoan zehar lore sorta etxean gordetzeak sorgin eta izpiritu txarrengandik babesten laguntzen omen du.
Sineskeri artean ibili nahi ez dutenek besterik gabe barrena alaitu eta gorputza astintzeko nahi adina aitzakia izango dituzte han eta hemen. Hiriko bazter askotan, gainera, jaiak dira eta egitarau zabala osatu dute eguneroko kezkak ahaztu eta ondo baino hobeto pasatzeko.
PSE-EE eta PPren hutsunea
Ohitura zaharrak berreskuratzeko ahaleginetan, era berean, alkateak eta udal zinegotziek Esku Dantzaren erronkari heldu zioten iaz eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Ohiturak, dena den, eguneratu dituzte, garai batean gizonezkoak bakarrik ateratzen zirelako dantzan eta egun gizon eta emakumeek maila berean parte hartzen dutelako. Konstituzio plazan EAJko eta Bilduko zinegotziek ez dute hutsik egingo. PPko eta PSE-EEko zinegotziek, berriz, kale egingo dutela aurreratu dute. Ohitura zaharrak berreskuratzearen aldekoak direla diote popularrek, baina udal gobernuak hari atsegin zaizkion usadioak berreskuratzearen alde egiten duela soilik salatu dute.
PARTE ZAHARRA
Bihar, 12:00etan, Zuloaga plazan. Kresala Dantza Eskolako ikasleek dantza emanaldia eskainiko dute San Telmo museoko atarian. Udako solstizioaren inguruko Besta Berri. San Juan dantzen bilduma ikuskizuna izango da. Estrenaildia izango da eta Kresalako dantzariak laguntzen Verdini Dantza Taldeko kideak egongo dira.
Bihar, Konstituzio plazan, 19:00etan. Udal agintarien Esku Dantza. Dantzariek, alkateak eta zinegotziek hartuko dute parte. Ondoren, zuhaitzari su emango diote eta jendeak lizarraren ezpalak hartu ahal izango ditu.
SAGUES
Bihar, 20:00etan, Sagueseko zabalgunean. Groseko eta Ulia inguruko bizilagunek su artean dantza egiteko aukera izango dute. Suaz gain, beste zenbait jarduera antolatu dituzte: 20:30ean, trikitilariak eta lore banaketa. 21:00etan, Eskolako dantzariek aurreskua eskainiko dute. 22:15ean, Queimadarekin berotu ahal izango dituzte barrenak. 22:30ean piztuko dute San Joan sua eta, behin sua piztu dutela, Zesuma taldearen erromeriarekin astindu ahal izango da gorputza.
LOIOLA
Bihar, 21:00etan, Latsarien plazan. Zelestina sorginari harrera egingo diote eta, ondoren, kalejira egingo dute Lorategi Hiri aldera.
ANTIGUA
Bihar, 20:00etan, Antiguatarrak elkartetik hasita. San Joan eguneko koruak eta trikitilariak ibiliko dira kalez kale.
Bihar, 22:00etan, Gaskuina plazan. Koruak, suaren konjurua, Soka Dantza herrikoia eta lore sortak banatuko dituzte.
Bihar, 23:00etan, frontoian. Astiazaran eta Larrañagarekin erromeria egingo dute.
INTXAURRONDO
Bihar, 17:00etatik aurrera, egitarau zabala prestatu dute Bernart Etxepare plazan. Traka, petanka txapelketaren finala, Irrien Lagunak klubeko pertsonaiak hurbilduko dira eta txokolatea jana egongo da, 18:00etan.
19:00etan. Korrika Salto taldeak kale antzerkia eskainiko du eta 20:00etan sardina jate herrikoia egongo da.
22:00etan. Txistulariek girotuko dute sua. Skandalue elektrotxarangak eutsiko dio 23:00etatik aurrera giroari eta, 23:45etan, zezen suzkoa ibiliko da auzotik.
23:50ean. Su artifizialak botako dituzte eta Skandalue elektrotxarangak emango dio festari amaiera.
BIDEBIETA
Bihar, 16:30etik 20:00etara, Allende parkean. Puzgarriak, zezen mekanikoa eta ohe elkastikoak izango dira. Tailerrak eta txikitxoentzat jostailuen txokoa egongo da. Festara hurbiltzen diren guztientzat askaria egongo da amaieran.
Bihar gauean, Allende parkean. Thamessis elkartekoek piztuko dute sua.
AMARA BERRI
Bihar, 22:30ean, Gaska kiroldegi ondoko aparkalekuan. Koruak, konjuruak, Tobera eta agurra izango da Ikasbide Kultur Elkartearen eskutik. Jarraian, kafea eta kopa eskainiko dute auzokideentzat eta zezen suzkoarekin amaituko dituzte festak.
HERRERA
Bihar, 21:00etan, plazan. Afari herrikoia.
Bihar, 21:30ean. Gaskon txistulariekin eta Beti Alai dantza taldearekin girotuko dute sua.
Bihar, 23:00etan. Zezen suzkoa eta azken traka, Gaskon txistulariekin.
IGELDO
Bihar, 20:00etan. Barrikote mundiala egiteko asmoa dute. Parte hartu nahi duenak Itsas Aurren izango ditu txartelak salgai.
Bihar, 21:30ean. San Joan gaueko koplariak abiatuko dira. Bixente Gorostidi eta Muñoa izango dira bertsolariak.


