‘Har itzazu hogei harri’
Askorentzat deserosoa da Ondarretako itsas ertzetik hondar gainean joan beharrean harri artean sigi-saga ibiltzea; arazoari behin betiko irtenbidea bilatzeko proposamenak plazaratu dituzte hondartza zaleek.
Kafetegia eraitsi dute eta neguan jolasean ibiltzeko zaburik ez dago. Hamaika bider hondarra alde batera eta bestera mugitzen aritu badira ere, alferreko lana izan da, ez baitute, orain arte, Ondarretako harriak estaltzeko modurik topatu. Harri koxkorrek ur bazterreko ibiltarien oin azpiak zula ez ditzaten irtenbide bila jo du Irutxuloko Hitzak hondartzara; urtetako joan-etorriek zaildutako adituen proposamenak izan baitatezke urteroko eztabaidagai bihurtu den arazoaren konponbide.
Ez eraikinik bota ezta hondarra batetik bestera ibiltzen aritu beharrik ere. Alberto Elgezabalek auzolana sustatu nahi du Ondarretako harriak desagerrarazteko: «Egunero hondartzara gatozenek, ibiltzera jaisten garen bakoitzean, hogei harri har genitzake». Udan, egunero, mila lagun inguru badabiltza Ondarretan, 20.000 harri jasoko lirateke eta astebetean «dena garbi legoke», dio. Ekimena abian jartzeko prozedura ere buruan du hondartza etxetik hurbil duen igeldotarrak: «Ohar bat kaleratuko nuke: Ondarretara bazoaz, alde egiterakoan, har itzazu hogei harri. Sarreran edukiontzi pare bat jarri eta herritarren gizalegean itxaropenik ez galtzea izango lirateke Elgezabalen irtenbidea. «Zentzuzkoa eta merkea», iruditzen zaio.
Merkeagoa da, ordea, Iñaki Mugaren alternatiba. Hondartza dagoen bezala utziko luke eta naturari utziko lioke bere lana egiten. «Espigoirik eta beste ekintza arrarorik ez badago, hondartza bere egoera onera itzuliko da, baina argi dago denbora behar dela horretarako», dio egiatarrak.
Aukera horretarako, hortaz, pazientzia behar da eta herritar askok dagoeneko galdu dute. Villabonako Inma Etxezarretak, esaterako, harriak nondik ateratzen diren ideiarik ez du, baina argi du uretara sartzeko «oso deserosoa» dela. «Zer gertatzen den ondo aztertu eta beharrezko neurriak hartzeko» eskatu du.
Zurriola eta Miami
Osteratxoa egiteko Ondarreta aukeratzen du, halaber, Villabonako Jose Mari Jauregik. Etxezarreta baino ezkorragoa da, ordea, Jauregi. Harrien aferak «irtenbide txarra» duela uste du. Errudun bat bilatu du, gainera; Zurriola hondartza. «Grosen hondartza handitzeko lanak egin zituztenetik korronteek inguru horretara eramaten dute hondarra». Irtenbideak, bada, lehenago hartu behar zirela erantsi du.
Denbora atzean egitea, baina, zail xamarra izango denez, Jose Manuel Albizuk Tenis elkartearen aurrean paretatxo bat egitea proposatu du. Tenis parean, hain justu, harresitxo bat dago –itsasbehera dagoenean arrastoak ikus daitezke– eta apurtzen ari direla adierazi du. Inguru horretan garaiera txikiko harresitxo bat egingo balitz, harearen mugimendua etengo litzatekeela zehaztu du. Dena den, neurriak harriak agertu bezain laster hartu beharko liratekeela aditzera eman du: «Zenbat eta gehiago utzi orduan eta harri gehiago agertuko dira». Azaleratzen hasten direnean, «pixkanaka kentzen joango balira, hondartza egun dagoena baino hobeto egongo litzateke», gaineratu du.
Hain zuzen, harriak desagertzeko gakoa «banan-banan kentzean» dagoela uste du Serafin Perezek. «Extremadurakoa naiz eta gure inguruan harri mordoa genuen. Gurasoek gure lursailetan harriak jasotzera behartzen gintuzten eta azkenean harrien arrastorik ez zen geratzen», kontatu du. «Kentzen den guztia, argi dago, itzuliko ez dela», dio.
Andoainen bizi da Sefarin Perez eta eguzki izpiren bat ikusi orduko ibiltzera hurbiltzen da Ondarretara. Andoaindarraren iritziz, harriak estaltzeko hondarra botatzea «momentuko irtenbidea» da. Hiilabete barru, gainera, itsasoaren indarrarekin harri gehiago agertuko direla iruditzen zaio.
Indar horri eutsi eta itsasoan egon daitezkeen harriak mugi ez daitezen, sare bat jartzea proposatu du Maria Teresa Gereñuk. Harriak banan-banan kentzeko proposamenarekin, ordea, ez dator bat.
«Alferreko lana» izango litzatekeela iradoki du. Harrien gorabeherari erantzutea, baina, ez zaio ezinezkoa izan behar duenik iruditzen: «Naturaren aurka joatea egia da batzutan ezinezkoa dela, baina ziur nago egoera honi aurre egiteko irtenbideren bat bila daitekeela».
Harriekin bukatzeko giltza, behar bada, Miamin (AEB) egon daiteke. Johnny Martinez uruguaitarrak Miamin antzeko arazo bat izan zutela azaldu du. Itsas korronteen norabidea ondo aztertu ondoren, hondarra bota eta hareatza «ikusgarri» utzi zutela jakinarazi du. Uruguain halako buruhausterik ez dutela deskribatu du, halaber. Milaka eta milaka kilometro hondartza dituzte eta harriekin inolako arazorik izan ez dutela ziurtatu du, «harea baitago nonahi», azaldu du.
Miamin hartutako neurriek baino, Azti Itsas eta Elkagaien Zentro Teknologikoko ikertzaileek proposatutako aholkuek izango dute Ondarretako egoerari irtenbidea bilatzerako orduan indar handiagoa. Hondartzaren profila aldatzeko, hala nola, kafetegia eraitsi eta jolas parkea zuten. Neguko itsas kolpeek, ordea, hondarra mugitzeko behar besteko indarrik izan ez zutenez, harriak agerian geratu ziren berriz. Udaberrian, pasealeku ondoan zegoen hondarra itsas bazterrera mugitu zuten. Harri gainean jarritako estalkiak, ordea, ez du gehiegi iraun. Datorren denboraldia arte itxaron beharko da orain harriek desagertzeko asmorik ote duten ikusteko.


