Hautatu dituzte 'Izarrak plazara' talentu lehiaketako partaideak
Izarrak plazara talentu lehiaketako partaideak aukeratu dituzte. Arratsaldeko 18:00etan hasita hautaketa proban parte hartu dute izena eman zuten 6 eta 18 urte arteko 68 lagunek. Intxaurrondo kultur etxeko harreran urduri itxaron dute euren txanda. Batzuek tartea azken entsegua egiteko aprobetxatu dute. Oholtza gainera ilusioz beterik eta itxaropentsu igo dira partaideak. Barry Manley umoregileak, Edu Muruamendiaraz dantzariak, Itsaso Gutierrez musikariak eta Fernando Ruiz aktoreak osatutako epaimahaiak 22 ikuskizunak ikusi, eta guztien artetik zortzi aukeratu ditu: Nerea eta Ane, Izar Leku, Axular, Zurriclown, Leire Arraiago, Adore jazz, Irati Rivas eta Zuzai.
Ostegunean hitzordu berri bat dute Intxaurrondo kultur etxean. Orduan, teknologia berriak eta kultur produktuak erosteko 500 euroko eta 300 euroko bonoak lortzen lehiatuko dira zortzi partaideak. Lehena eskuratzeko, epaimahaikideak konbentzitu beharko dituzte; bigarrena lortzeko, aldiz, ikuslegoa.