Jauzi egitera ausartzeko bultzada
‘Deusto Startup Day’ ekintzailetasuna sustatzeko jardunaldia egin dute Egiako campusean. Partaideek abian jarri duten edo sortu nahi duten enpresaren ideia egoki eta zehatza aurkezten ikasi dute adituengandik.
Ekintzailetasuna, ikasi eta garatu egin daiteke. Hori sinetsita, Deustuko Unibertsitateko DeustoKabi enpresa txitagailuak jardunaldia egin zuen atzo Garate eraikineko Innogunean. Jardueraren helburua, enpresa sortu nahi dutenei edo jada abiarazi dutenei laguntza ematea da. Xabier Alvarez eta Carlos Polo adituak entzuteaz gain, beraien ideia egoki nola “saldu” ikasi zuten partaideek. Ikasketak amaitu berri dituztenekin batera, lanean urte dezente daramatzatenak zeuden. Denek, egun osoan zehar luzatu zen ekimena amaitzean, euren pitch-a –asmoa, ideia– hobetzea zuten erronka.
Horrelako jarduera bat antolatzen duten lehen aldia da, eta hogei bat lagunek parte hartu zuten. Izenburua Deusto Startup Day jarri zioten, eta startup-a zer den azaltzeko antolatzaileetako bati galdetzea da egokiena. DeustuKabiko Anais Iglesiasek hala definitu zuen: “Sortu berria den enpresa da. 42 hilabete baino gutxiago dituena. Modan dagoen izena da”. Boladako egoteaz gain, enpresa hauek hartu dituzte jardunaldiaren oinarri, ekintzailetasuna sustatzeko. Egoera berean egon arren, profil anitzak batzea zuten helburu; baina ikasketak amaitzear daudenak edo amaitu berri dituztenak hartu zituzten aintzat, bereziki. “Ekintzaileen errealitatea ezagutu, ekintzaileekin egon, enpresa aurrera ateratzen ikasi eta ikuspuntu praktikoagoa jasotzea nahi dugu”.
Minutu bateko azalpena
Ekiten ikastera bertaratu zirenetako bi Andres Murua (Miramon, 1968) eta Tomas Carazo (Gros, 1982) ziren; baina bien egoera nahiko desberdina da. Murua software garapenean jarduten duen Rantrin enpresako zuzendari orokorra da. Honek, ekitaldiak antolatzeaz arduratzen den beste batekin elkarlanean, Let Me Clap Interneteko plataforma abiarazi du joan den astean: “Ekitaldi antolatzaileei hauen kudeaketan eta promozioan laguntzeko hainbat tresna ematen dizkie”, azaldu zuen Muruak. Bihar, abian jarri berri duten enpresa lehiaketa batean aurkeztu beharko du; horregatik zegoen atzo Innogune eraikinean. “Gaitasunak eta nire pitcha hobetzeko teknikak ikasi nahi ditut. Askotan alde formalean pentsatzen dugu, ideia nola aurkeztu; baina badira kontuan hartzen ez ditugun teknika oso erabilgarriak ere”, argitu zuen Muruak.
Carazoren egoera, berriz, bestelakoa da. Hainbat arrazoi tarteko, agentzia handietan lan egiteko gogorik ez zuenez, bere kabuz hasi zen. Oraintsu, ordea, The Social Experience kooperatiba sortu du bi lankide ohirekin. Interneteko enpresak optimizatzen dituzte, erabilerrazak eta erabiltzaileei egokituak izan daitezen. Aldaketaren alde onena “zure lan politika eta filosofia izatea” da: «Epeen arabera lan egiten dugu, ez ordutegi zuhur batekin. Lana bizitzeko egiten dugu, gure bizimoduari egokituta». Groseko gaztea Carlos Polo aditua entzuteko interesak erakarri zuen jardunaldira: “Zure enpresaren aurkezpena prest duzula uste duzu, baina hona etorri eta minutu batean azaltzeko esaten dizu… Nik bost baino gehiago behar ditut, eta ez naiz gurasoei azaltzeko gai izan! Labur eta eraginkor egiten ikasteko aukera aparta da”.
Gai direla sentitzea
Egiako campuseko DeustuKabi urtebeteko muga urratzear da, Bizkaiakoak, aldiz, bi urte ditu. Han oinarri teknologikoko enpresak nagusi dira; hemen, berriz, gizarte oinarria dutenak ere sustatzen saiatzen dira. Egungo testuinguru ekonomikoa jauzia egiteko une ona izan daitekeela uste dute jardunaldiko antolatzaileek: “Ekintzaileentzat beti da zaila. Halako garaietan inbertsoreak badaude, baina proiektuak falta dira. Beraz, egoera egokia da asmoa dutenek aurrera eramateko”, baieztatu zuen Iglesiasek. Pertsona guztiak, ordea, ez dira ekintzaileak. Saiatzeko nahia dutenak prestatzeko Deustuko Unibertsitateak Innovandis programa abian jarri zuen orain zazpi urte. Jada, 200 lagunek parte hartu dute. Campuseko edozein ikasketetako 25 ikaslerekin osatzen dute taldea urtero. Profila aldakorra da, baina denei enpresa sortu eta jarrera berriekin lan egiteko gai direla sentiarazten diete. “Erronka berri bat da urtero. Egokitu egin behar dugu ikasle bakoitzari. Norberak testuinguru, berdur, interes edo ikasteko bide desberdinak baititu”, zehaztu zuen Innovandiseko arduradun Isabel Fernandezek.


