Hiru jokalari donostiar izan ditzake Mirandes futbol taldeak
Iñigo Diaz Zerio Burgosko taldearekin kontratua sinatzeko zorian dago, hainbat hedabideren arabera
Iñigo Diaz Zerio herreratarra Mirandes futbol taldearekin fitxatzeko zorian dago, hainbat komunikabideren arabera. Reala utzi eta Athleticera joan zenetik, ez du batere zorte onik izan Herrerakoak. Bukatu berri den denboraldian, Numantzian jokatu du, utzita, Bigarren Mailan; eta zortzi gol sartu ditu. Mirandesek Bigarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian, igoera lortu berri duelako. Bi jokalari donostiar egon dira 2011-2012 denboraldian Carlos Pousoren esanetara, Mikel Iribas defentsa eta Mikel Martins erdilaria. Iribasek eta Martinsek beste denboraldi baterako luzatu berri dituzte euren kontratuak Burgosko taldearekin. Hala, Iribasek bosgarren denboraldia beteko du taldean, eta Martinsek hirugarrena.
Oso aukera gutxi ditu Athleticen jarraitzeko Diaz Zeriok, Bielsak ez baitu bere beharrik ikusten taldean. Dirudienez, Diaz Zerio Athleticekin duen kontratua bertan behera uzteko prest egongo litzateke, Mirandesekin urtebeteko kontratua sinatzearen truke. Bi taldeek oso harreman estua dute, eta ez litzateke izango talde zuri-gorriko jokalari bat Mirandesera igarotzen den lehen aldia. Denboraldi aurrea uztailaren 12an hasteko asmoa du Mirandesek. Egun bat lehenago, Athleticek utzitako jokalarien berri emango du.


