Liburu eta disko azokaz gozatzeko aukera egongo da Gipuzkoa plazan
Ostiralean hasi eta uztailaren 15a arte 38 postu egongo dira, eta liburuek %10eko deskontua izango dute
Ostiralean hasi eta uztailaren 15a bitartean, liburu eta disko azoka izango da Gipuzkoa plazan. Azokaren aurkezpena egin zuten atzo goizean zenbait arduradunek; eta azokak liburuak saltzeko antolatzen direla azpimarratu zuen Arantza Urkiak, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak. «Oso kultur ekintza polita iruditzen zaigu udara hasierarako; bai turistentzat bai herritarrentzat. Liburuak ez dira garestiak eta udaran irakurtzeko denbora izaten dugu», aipatu zuen Urkiak. Guztira, 38 postutan banatuta, 40 erakusle bilduko dira, eta %10eko deskontua izango dute liburu guztiek. Saltzaile gehienak Euskal Herrikoak izango dira, baina Madrileko argitaletxeren bat ere izango da tartean. Astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara zabalduko dute azoka. Asteburuetan, berriz, ordu erdi gehiago luzatuko dute ordutegia.
Euskal pizkundearen erakusketa bat ere izango da azokaren barnean, eta poesia errezitaldiak, eta liburu aurkezpenak ez dira faltako. Iñaki Egaña historialari donostiarrak, esaterako, Donostia 1813 liburua aurkeztuko du, uztailaren 3an, 12:00etan. Eli Tolaretxipi poeta donostiarrak, berriz, uztailaren 12an errezitaldia egingo du Flavia Companyrekin batera, 19:30ean. Ekitaldi horiek San Jeronimo kaleko liburutegiko sotoan izango dira. Guztia, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz.
Hiriko liburutegiak, osasuntsu
Urkiak emandako datuen arabera, osasuntsu daude hiriko liburutegiak inondik inora. «Iaz, milioi bat bisita izan genituen liburutegietan, eta 500.000 mailegu egin genituen», aipatu zuen zuzendariak.


