Nora Alejos: "Heterosexualitatea oso interesatua da"
Ekainaren 28a Sexu Aniztasunaren Aldeko Eguna da, eta horren harira, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aldeko taldeek euren aldarrikapenak ezagutarazi dituzte. Bihar iluntzean, manifestazioa egingo dute.
Gay, lesbiana, bisexual, transexual eta queer (LGTB) kolektiboen askapenerako eguna ospatuko dute bihar. Urtero bezala, Transmarikabollofeminista koordinadora –Bilgune Feminista, EHGAM, Medeak eta Garaipen–, Gehitu, AMPGYL, Errespetuz eta Magala elkarteak kalera irtengo dira beraien eskubideak aldarrikatzera. Manifestazioa Bulebarretik irtengo da, 19:30ean.
Transmarikabollo koordinadorak Heterokapitalismoaren aurka lelopean egingo du protesta. Horren barruan, Donostiako Bilgune Feministak Feminista naiz eta harro nago aldarrikatuko du. “Sistemaren aurkako posizioa da. Horrek bikote harremana sustatzen du, berarentzat mesedegarria delako. Heterosexualitatea oso interesatua dela uste dugu. Lan produktiboa aurrera eramateko, lan erreproduktiboa behar baita, rolen banaketa”, argitu du Nora Alejos taldekideak. Hausnarketa horren arabera, lesbianek eta transexualek gainditu beharreko oztopo gehiago dituzte. “Lehenak, emakumeak direlako, eta emakumeak sisteman bigarren mailakoak direlako. Transexualak, berriz, ez direlako inoiz ez bat ez bestea izango”. Testuingu horretan, sistemari kontrajartzen zaion “subjektu lesbianoa” indartzeko beharra nabarmendu du Alejosek. “Sistema apurtu nahi duen subjektu politikoa indartu nahi dugu. Gure sexualitatea naturalizatzen saiatzen ari dira, sistemak behar duelako. Erabili egiten gaituzte».
Nahiz eta LGTB direla modu irekian diotenen kopurua hazi egin den, egiazko onarpenik ez dela uste du Alejok. “Lesbiana eta gay gehiago daude, baina epai soziala zorrotzagoa da. Diskriminazioa, irainak… oraindik pairatzen dira. Badirudi onartzen dela; eta hori defendatuko duten legeak badaude, baina praktikan ez da egia». Horren adibidetzat institutuetan ugaritu diren eraso homofoboak jarri ditu Alejosek.
Horregatik, egiazko berdintasunaren alde kalera irtetera gonbidatu ditu donostiarrak. “Guztioi eragiten digu. Ezarritako arauek kontrolatu egiten gaituzte, denon eskubideak mugatzen dituzte, eta ez dugu libreki aukeratzen. Aukera berdintasunaren alde denok egin behar dugu. Inoiz ez baitakigu ondokoak zer nolako zapalkuntza pairatzen duen”.
Ildo beretik, udalak idatzi bat ezagutarazi du Sexu Aniztasunaren Aldeko Egunari lotuta. Bertan identitate eta joera sexual anitzak normalizatzeko aldarrikapenekin bat egiten duen erakunde adierazpena biharko osoko bilkurara eramango duela aurreratzen du Naiara Sanpedro Berdintasun zinegotziak. “Aurreiritziak eta estereotipoak gainditzea ahalbidetuko duen jarrera irekia babestu behar da”, dio Sanpedrok idatzian. Halaber, egunerokoan LGTB direnekiko “berdintasuna, askatasun eta errespetua” eskatzen du; horretarako informazio eta sentsibilizazio kanpainen alde eginez.
Empar Pineda saritu dute
Biharko egunaren harira, hainbat ekimen prestatu dituzte LGTBen aldeko elkarteek. Hauetako batzuk azken asteetan egin dituzte. Esaterako, Gehituk hilaren 16an ezagutarazi zituen LGTBekiko jarrera onak eta txarrak saritzen dituzten Gehitu Sarien irabazleak. Zilarrezko Gehitu Saria Empar Pineda hernaniarrak jaso zuen; ekintzaile feminista eta lesbiana gisa, emakumeen eskubideen alde eta aniztasun sexualaren alde egindako lanagatik. Latorrizkoa, berriz, Mariano Raxoi buru duen Espainiako gobernuari eman zioten, hiesari eta gibari aurka egiteko borondate eta lidergo faltagatik.
Datozenen ekimenetan garrantzitsuena manifestazioa izango da. Honen amaieran, triki-poteo feminista egingo dute hirugarren urtez Parte Zaharreko kaleetan. Gaur, berriz, Ogiyik karri etzun semia antzezlana egingo duten Emakumeen Etxan, 19:00etan. Etzi, berriz, festa izango da Egia kultur etxean. “Gune askea” izatea nahi dute eta DJak eta musikariak emakumezkoak izango dira, nagusiki, hauen sormena sustatzeko. Larunbateko hitzordua Guardetxean izango da. Emakumeen Etxeak antolatutako Nesken festa 14:00etan hasiko da.

