Realak gaurko egunez lortu zuen bere azken titulua, duela 25 urte
Oso urruti geratu dira 1980. hamarkadaren hasieran Realak lortutako bi Ligak. Urruti ere, baina zertxobait gertuago dago txuri-urdinek eskuratutako azken titulua; hain zuzen ere, gaur 25 urte bete dira Zaragozan, Atletico Madrilen aurka, talde donostiarrak Espainiako Kopa eskuratu zuenetik. Final handia izan zen hura, bina berdindu eta gero, penaltietan erabaki baitzen norgehiagoka.
Arkonada, Sagarzazu, Gorriz, Dadie, Gajate, Lopez Rekarte, Zamora, Larrañaga, Lopez Ufarte, Txiki Begiristain eta Bakero. Horixe izan zen Realari bere historiako azken txapela eman zion taldea. Geroago Mujika eta Martin Begiristain atera ziren aulkitik. Guztiak, Zubietan trebatuak. Final horri buruzko erreportaje zabala argitaratuko du bihar, Itzurun gehigarrian, Irutxuloko Hitzak.



