Parte Zaharreko auzotarrek terrazen araudia betetzen dela bermatu nahi dute
Baimen berririk ez emateko eta ordutegiak errespetatzeko eskatu diote udal gobernuari auzo elkarteko kideek
Terraza eta gune publikoaren okupazioa ostalari eta bizilagunen arteko desadostasun iturri izan ohi da, bereziki, Parte Zaharrean. Bizilagunak auzoan eroso bizi daitezen eta auzotar nahiz gainontzeko herritarrek aisiaz gozatzeko inongo eragozpenik izan ez dezaten, hainbat proposamen helarazi dizkiote auzo elkarteko kideek udalari; terrazak jartzeko baimen berririk ez ematea, barne. Eskaera sorta aurkeztu duten arren, terrazen inguruan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzea da Parte Zaharrean Bizi elkartearen xede nagusia.
Udal gobernuko kideak, halaber, Parte Zaharreko terrazen aferak irtenbide bat behar duela jakitun dira. Arazoa, gainera, ikuspegi orokor batetik aztertu behar dela eta sail desberdinen arteko (Hiri Mantenu Saila, Udaltzaingoa, Ondarea…) elkarlana beharrezkoa dela zehaztu dute. Erabaki bat hartu baino lehen, bada, auzotarren nahiz ostalarien proposamenak bildu nahi dituzte, eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkartekoek egin dute euren ekarpena.
Araudia bete ahal izateko, auzotarrentzat ezinbestekoa da ostalariek terrazak jartzeko ordutegiak errespetatzea. Era berean, terrazek har ditzaketen espazioa eta bete behar duten ordutegia argi eta garbi adierazi eta erakustea eskatu dute.
Parte Zaharreko bizilagunek, era berean, taberna sarreretan jartzen dituzten apalak «lehenbailehen» kentzea nahi dute. Jartzen dituzten eguzkitakoak, halaber, araudiak dioenarekin bat egin behar dutela diote. Eraikinetako fatxadei lotutako oihalak debekatuta daudela eta horiek kendu beharko liratekeela diote.
Araudia urratzen dutenen jarraipena egitea ere beharrezkoa dela uste dute. Hala, araudia behin baino gehiagotan urratzen dutenei baimena kentzea proposatu dute. Horretaz gain, baimenik gabe jarritako mahai eta bestelako elementuak kentzea eta terrazak jartzeko baimen berririk ez ematea iradoki dute. Iaztik aurrera taberna sarreretan jarri dituzten mahai eta aulki altuak baimentzeko egin zen txosten teknikoa berriz aztertu beharko litzatekeela plazaratu dute auzo elkarteko ordezkariek. Ezinbestekoa iruditzen zaie, halaber, suteei aurre egiteko Parte Zaharreko ezaugarriak aintzat izango dituen plan berezi bat osatzea.


