'Barrura begiratzeko leihoak' filmari emandako diru laguntzak eztabaida piztuko du gaurko udalbatzarrean
Soka luzea du udalak euskal presoen inguruko Barrura begiratzeko leihoak filma 9.000 euroz bultzatzeko onartutako laguntzak. Erabaki hori dela eta, PSE-EEk Giza Eskubideen batzordean parte hartzeari uztea erabaki zuen. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, berriz, Bildu legez kanpo uzteko arrazoi izan zitekeela adierazi zuen eta horrek erantzun erauntsia eragin zuen. Ika-mikak segida izango du gaurkoan, 13:00etan hasiko den udalbatzarrean diru laguntzaren inguruko mozio bateratua aurkeztu dutelako PSE-EEk, PPk eta EAJk. Filmaz gain, hondakinen kudeaketak ere zer esana emango du, EAJk alkatearen agerraldia eskatu duelako. Horrez gain, gai beraren bueltan bi erakunde adierazpen eta beste bi mozio jorratuko dituzte. Denera, 14 erakunde adierazpenek eta 23 moziok osatuko dute gaurko osoko bilkura.