Begoña Urrozen sendiari hiriko Urrezko Domina emango diote
Urroz 1960an hil zen, Donostiako tren geltokian lehertutako bonba baten ondorioz
Udalbatzak hiriko Urrezko Domina Begoña Urrozen sendiari ematea onartu du. Urroz 1960an hil zen, Donostiako tren geltokian lehertutako bonba baten ondorioz. Atentatua argitu gabe dagoen arren, Espainiako Gobernuak ETAri egotzi dio.
Urrozen sendiari aitortza egiteko oposizioko hiru taldeek aurkeztu duten erakunde adierazpen bateratu bat aztertu du udalbatzak. PSE-EEk eta EAJk, alde batetik, eta Bilduk, bestetik, emendakin bana aurkeztu dute. Bildurenak ez du aurrera egiteko beharrezko babesa lortu.
Juan Karlos Izagirre alkateak Urrozen sendia aitortu nahi dutela ziurtatu du, eta biktima guztiek “justizia, aitortza eta erreparazioa” behar dutela adierazi du. Oposizioak gai horrekin “erabilera politikoa egitea” kritikatu du eta “manipulazio politikoan” ez direla eroriko nabarmendu du. Erakunde adierazpena aurrera ateratzeko batasunik ez egotea ez du oposizioak begi onez ikusi.