Errauste planta ardatz duen sistema "hilda" dagoela adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak
Ramon Gomez PPko bozeramaileak atez atekoak hirian ez duela balio esan du
Aldundiak aurkeztu duen hondakin planak Donostiari nola eragingo dion ezagutzeko hainbat galdera egin dizkio Eneko Goiak EAJko bozeramaileak alkateari udalbatzarrean. «Planak zabortegi berriak zabaltzea aurreikusi du eta udal gobernua zabortegi horietako bat Donostian kokatzeko prest agertu da, non irekiko litzateke?», galdegin du. Bestetik, udalak eta hondakin partzuergoak dituzten hitzarmenak zein egoeran geratzen diren jakin nahi izan dute jeltzaleek. Jasotako erantzunak, ordea, ez du Eneko Goia asebete eta Bilduko ordezkariak urtebete «bazterrak nahasten» aritu direla esan du.
Juan Karlos Izagirre alkateak errauste planta ardatz duen plana «hilda» dagoela adierazi du bere agerraldian. Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, «aurreko plana XX. mendekoa zen, oraingoa, aldiz, XXI. mendekoa da».
Alkateak, gainera, Europan ezarritako irizpideen defentsa egin du: «Birzikla daitekeena ezin da erre» eta «birziklapen tasak 2020. urterako %60ra» iritsi behar direla esan du. Proposamen berria, era berean, «merkeagoa» eta «lanpostu gehiago» sortuko dituela jakinarazi du: «400 milioi euro beharko lituzke erraustegiak eta 200 milioi euro beste sistemak; batak, berriz, 80 lanpostu sortuko lituzke eta 200, besteak». Alkateak ez du oposizioko alderdien jarrera kritikatzeko aukera galdu: «Espainiako Gobernuako Ingurumen Ministerioak Usurbilgo atez ateko sistema zoriondu du eta zuek –PPko zinegotziak– behin eta berriz salatzen ari zarete». PSE-EEko kideak garai batean errauste plantaren kontra egon direla adierazi du. «Orain sistema hori txalotu behako zenukete; ez duzue egingo, ordea, Bilduren kontra guztiak balio duelako», dio.
PSE-EEko zinegotzi Denis Itxasok zabortegien sistema «osasunaren kontrakoa eta zaharkitua» dela esan du. Bilduk gutxiengoa duela kontuan hartuz, gainontzeko taldeekin adostasunera heltzera behartuta dagoela erantsi du. Halakorik egin ezean, «ingurumen, ekonomia eta suntsipen politikoa» eragingo dutela jakinarazi du. Ramon Gomez PPko bozeramaileak atez atekoak hirian ez duela balio esan du. «Zabor tasak azkenaldian %130 egin du gora eta atez atekoarekin bikoitza ordaindu beharko da», azaldu du.