Intxaurrondon bi haur eskola egiteko 700 sinadura batu dituzte
Udal taldeen babesa lortzeko, Bilduk erakunde adierazpen bat aurkeztuko du gaurko osoko bilkuran
0-2 urte arteko umeek Intxaurrondon haur eskola eskaintzarik ez dutela plazaratu zuten atzo udaletxean bildu ziren auzotar, guraso eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko eta Intxaurrondo ikastolako hainbat ordezkarik. Bi eskoletan haur eskola banarekin intxaurrondotarrek oinarrizko hezkuntza zerbitzu publikoa bermatuta izatea nahi dute eta aldarrikapen hori egia bihurtzeko 700 sinadura bildu dituzte.
Bilduko ordezkariek, era berean, eskaera horrekin bat egin dute eta erakunde adierazpen bat prestatu dute. Gaur 13:00etan hasiko den udalbatzarrean aurkeztuko dute eta gainontzeko udal taldeen babesa jasotzea espero dute.
Intxaurrondo ikastolak eta Intxaurrondo Hegoak bakoitzak bere haur eskola izatea nahi dute. Duela bi urte Odon Elorza orduko alkateak eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak ikastetxe publikoetan hainbat haur eskola jartzeko protokolo bat hitzartu zuten. Intxaurrondon, haur eskola Txaran jartzea aurreikusi zuten. Auzotarrek eta ikastoletako arduradunek, ordea, ez zuten egoki jo. Ikastetxeetako ordezkariei, bada, haur eskolak ikastetxe ondoan kokatzea beharrezko iruditzen zaie eta beste proposamen batzuk aurkeztu zituzten. 0-2 urtetatik hasita hezkuntza proiektu koodinatu bat garatzea dute erronka.


