«Hemen geratuko gara eta kito. Auzoa gara»
Donostiako 510 familien etorkizuna jokoan dago; 1.500 bizilagun inguru. 2028ko azaroa Bentaberriko babes ofizialetan bizi direnen arazo bihurtu daiteke. Orduan iraungiko da Jose Maria Sert plazako hiru etxebizitza blokeren babesa, eta merkatu librera igaroko dira. Testa Homes (Blackstone) putre funtsaren jabetzakoak direnez, alokairuak nahieran igo ahal izango dituzte, eta horrek bizilagun askoren kaleratze isila eragin dezake. Kezkatuta eta borrokarako prest daude Antxon Pro Gonzalez (Egia, 1942) bizilaguna eta Alokairu elkarteko presidente Imanol Saenz Asensio (Pasaia, 1966). Era berean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarengan konfiantza dute, iraganean egin zuten akatsa konpontzeko neurriak hartzen ari direlako.
Antxon Pro eta Imanol Saenz, Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunak.Joseba Parron San Sebastian Atzera kontaketa hasi da, iraungitze data hurbiltzen ari da eta zuen arazoari ikusgarritasun handiagoa eman diozue. Une honetan, zein da Bentaberriko 510 familien egoera?
Imanol Saenz (I.S.): Azken asteotako erabakiekin eta aurrerapausoekin konfiantza irabazi dugun arren, gure errealitatea jakina da. 2028aren bukaeran, gure etxeak babesik gabe geratuko dira, eta putre funts bat etekin handiena lortzen saiatuko da. Bi urte falta direnean, hori gelditzeko eta egoera aldatzeko garaiz gaudela uste dugu.
Antxon Pro (A.P.): Dena dela, ez dezala inork pentsa orain mugitzen hasi garenik, gure egoerak okerrera egin duenean. Hasieratik, Alokairu Benta Berri elkartea sortu genuen, Eusko Jaurlaritzak adarra jo zigulako. Harremanetan jarri ginen haiekin, Donostiako Udalarekin, beste hainbat administraziorekin, eta denek gure aldeko jarrera hartu zuten arren, ez zuten ezer egin. Urte askoren ondoren, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua izan da benetan mugitu den lehena. Putre funtsak mehatxaturiko 39 bizilagunen egoera desblokeatzea lortu zuen, haiekin negoziatuta. Bestalde, badirudi hiriko bizitegi merkatua tentsio handiko eremuan dagoen bitartean, gure etxebizitzek babes ofiziala mantendu ahalko dutela. Aldiz, kalifikazioa iraunkorra izatea da behin betiko helburua.
Zenbat denbora daramazue bizitzen Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan?
A.P.: Lehen egunetik. 28 urte daramatzat hemen, 1998ko azarotik.
I.S.: Ni 1999ko martxoan sartu nintzen. Lehen promoziokoa naiz, baina sartu nintzen azkenetakoa.
«300.000 euro inguru ordaindu ditugu urte hauetan guztietan. Hau da, etxearen balioa hiru aldiz»
Imanol Saenz, Alokairuko presidentea
Alokairuan sartu zineten eta hamabi urterekin etxea erosteko aukera izango zenutela esan zizueten, baina gerora aukera hori ukatu zizueten. Aldiz, 2018tik Testa Homes (Blackstone) funts putrearenak dira zuen etxeak, egoera larriagotuz.
A.P.: Hasieratik izan zen engainua. Eusko Jaurlaritzaren iragarkiak zioen etxebizitza lehentasunez eskuratzeko eta hamabi urtera erosteko aukera izango genuela. Baina aukera hori kontratuetatik ezabatu zuten. Beraz, alokairuan gaude, gehienok erosi nahi genuen arren.
I.S.: Gure kalkuluen arabera, 300.000 euro inguru ordaindu ditugu urte hauetan guztietan. Hau da, etxebizitzaren balioa hiru aldiz. Garai hartako 11 eta 13 milioi pezeta arteko kostua izan zuen etxebizitza bakoitzak. Hemen ez dute zorurik ordaindu, eta ez dute ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzen. Guk ordaindu dugu gure etxebizitza lurzoru publiko batean. Eskubideren bat atera beharko dugu, diot nik.
A.P.: Orain ia 900 euroko batez besteko alokairua ordaintzen ari gara. Estatuko hiru geletako babes ofizialeko etxebizitza garestienak dira.
I.S.: Abandonatu egin gaituztela sentitzen dugu. Bi urte barru, jabeak esan ahal digu 900 euroko alokairua 1.400 eurora igotzen digula. Hartu edo utzi, sinatu edo utzi. Jende gehienak alde egin beharko du.
A.P.: Guk uste genuen etxea guretzat izango zela. Diru asko xahutu dugu gure etxebizitzetan. Hamabi urtera erosteko aukera izango genuenez, etxea gure gustura jartzeko hobekuntzak egin genituen. Nik 30.000 euro baino gehiago gastatu nituen. Botatzen bagaituzte, niretzat izango ez den etxe batean geratuko da gastaturikoa.
I.S.: Nire etxean azaleko berrikuntzak egitea erabaki nuen, etorkizuna argitu bitarte. Bestalde, etxeak oso zaharrak daude, fatxada zatiak erortzen dira, garajeak zeharo utzita daude…
Joan den urtearen amaieran eta urte honen hasieran, Testa Homes hainbat bizilagunekin jarri zen harremanetan, alokairu kontratuak ez zizkietela berrituko jakinarazteko. Erabakigarria izan zen Alokairuk aurrerapauso bat emateko eta arazoari irtenbide berriak bilatzeko?
I.S.: Neurri batean, bai. 37 bizilagunek posta elektroniko bidez mezu labur bat jaso zuten, esanez ez zietela kontratua berrituko. Ondorioz, urtebete barru etxea utzi beharko lukete. Horrez gain, auzokide batek burofax bat jaso zuen abenduaren bukaeran, eta hiru hilabeteren buruan etxea utzi behar zuela esan zioten. Gero, otsailean, beste bizilagun bati kontratua maiatzean amaitzen zitzaiola esan zioten. Orduan jarri ginen harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin. Zorionez, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak eta Etxebizitza Sailak dena geldiaraztea lortu zuten.

Bentaberriko 100 bizilagun baino gehiago elkartu ziren martxoan Eusko Legebiltzarrera joateko.Kaleratzeak Stop
Martxoan, berriz, hiru autobus bete zenituzten Eusko Legebiltzarraren aurrean protesta egiteko. Garrantzitsua izan da mobilizazio hori?
I.S.: Bai, gure borroka berpiztu zuen. 100 bizilagun baino gehiago joan ginen Gasteizera, lanegun batean. Gure mobilizazioa garrantzitsua izan zen, gure arazoari ikusgarritasuna emateko. Gainera, Etxebizitza Sailak esan zigun 2028ra arte ez dela beste posta elektronikorik eta burofaxik egongo. Testa Homesekin bildu behar izan dute, eta orain berriro elkartzekoak dira. Ez dakigu mahai gainean eskaintza konkreturik egon den.
A.P.: Nik ez dakit hau esatea komeni den, baina bizi izan dugun errealitatea da. Asko gara kalteturiko bizilagunak, baina gehiengoak ez du aurpegia eman nahi. Protesta asko egin ditugu, eta bizilagunen erantzuna ez da izan esperotakoa. Orain, ordea, jarrera erabat desberdina da. Arriskua etxeko atean ikusi dute, eta aurpegia emateko prest agertu dira. Bestalde, nabarmendu behar da Alokairuk Bentaberriko babes ofizialetako familien %80 ordezkatzen dugula, arazoaren aurrean afiliazioak gora egin duelako.
I.S.: 400 bat familia horiek erosotasunetik kezkara igaro dira, eta hortik borrokara.
«Estatu mailan, hiru gela dituzten babes ofizialeko etxebizitza garestienak dira»
Antxon Pro, Bentaberriko bizilaguna
Eusko Jaurlaritzaren eta Testa Homes (Blackstone) putre funtsaren arteko bilerei buruz zerbait jakinarazi dizuete?
I.S.: Jakin behar ez dugun ezer ez esateko esan diegu. Jakin daitekeen guztia, esan diezagutela, negoziazio batean daudela jakinda. Haietaz fidatzen gara.
Alokairu elkarteak eta Bentaberriko bizilagunek hainbat bilera egin dituzue Etxebizitza sailburuarekin. Harreman zuzena eta gertukoa duzue harekin?
I.S.: Zehazki, bi aldiz elkartu gara berarekin eta Etxebizitza Sailarekin, Antiguako NH hotelean. Gainera, Denisekin zuzenean hitz egin izan dut, gure arazoari buruzko nobedadeak jakiteko. Iraila hasieran, berriz elkartuko gara berarekin, eta hilabete bukaeran, Alokairuko batzar nagusia egingo dugu.
A.P.: Lehen esan moduan, Denis Itxaso izan da lehena Alokairu aintzat hartzen eta bizilagunei benetako harrera egiten. Era berean, Alokairuren garrantzia aitortu du, eta gurekin harreman zuzena du aurrerapauso guztiak konpartitzeko.

Antxon Pro eta Imanol Saenz, Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunak.Joseba Parron San Sebastian
Eusko Legebiltzarrak mozio bat onartu berri du, zuen etxebizitzek babesa mantendu dezaten hiria tentsio handiko eremua den bitartean. Aurrerapausoa da zuentzat?
I.S.: Bai, datozen hiru urteetarako arnasa ematen digu. Dena dela, Etxebizitza Legeari eustea ezinbestekoa da, beste inork aldatu edo bertan behera utz ez dezan. Espainian agintera beste batzuk iristen badira, arrisku hori egon daitekeela uste dugu, baina gertatuko ez dela ziurtatu digute Etxebizitza Saileko zerbitzu juridikoek. Beraz, erabateko konfiantza emango diegu. Hiru urte horietatik aurrera, gure bizitokia iraunkorra izatea bermatu nahi dugu. Denisi esan diogu finantza arazo bat sortuz gero, bizilagun batzuk prest daudela babes ofizialeko etxebizitzak erosteko, baina kalifikazio bera mantenduta eta horren araberako prezioetan. Horrela, bizilagunen batek etxea uztea erabakitzen badu, Eusko Jaurlaritzari salduko lioke, baina babes publikoko prezioan.
Donostiako Udala eta udalbatza osoa Bentaberriko bizilagunen aldeko irtenbideak lortzearen alde agertu dira. Horrek zuen konfiantza indartzen du?
I.S.: Neurri batean, bai. Arazorik izanez gero, badakigu udalak harrera egingo digula. Hain zuzen ere, Jon Insausti alkateari bilera eskaera bat egin diogu. Tamalez, hiri honetan etxebizitzaren gaiarekin arazo asko daude, eta gurea irtenbide zailenetako bat duena da.
«Putre funts batek izorra gaitzake. Botatzen bagaituzte, auzoa hil egingo da»
Imanol Saenz, Alokairuko presidentea
Hainbeste urteren ondoren, hemen jarraitzea erabaki duzue. Zergatik?
A.P.: Ez dugulako beste aukerarik hiri honetan bizitzeko. Jabeak bi urte barru kaleratze isilak eragin ditzake. Gure alokairuak 1.600 eurora igotzen badizkigute, gehienak kalera joan beharko gara. Eta gero, nora goaz? Nork emango digu hiri honetan etxebizitza bat?
I.S.: Zama handia da guretzat etxe hauek hamabi urtera erosteko egin ziguten promesa faltsua. Dena dela, auzoa egin dugu. Zu hona zatoz eta giroa hiru etxebizitza bloke hauetan dago. Kuadrillak daude, elkarte gastronomikoak, familiak… hemen sustraitu gara. Denok ezagutzen dugu elkar, eta arazo bat badugu, auzo bat gara. Aspalditik, arazo komun bat dugu, putre funts batek izorra gaitzakeela. Botatzen bagaituzte, auzoa hil egingo da.
Etorkizun hurbilari begira, Bentaberrin geratzeko itxaropen handiagoa duzue?
A.P.: Datu objektiboak daude. Batetik, Testa Homesen jakinarazpenak blokeatu ditu Etxebizitza Sailak. Bestetik, jabearekin negoziatzen ari dira. Ez dugu erabateko itxaropenik, baina fidatu beharrean gaude. Bestalde, bizilagunen artean batzuk berotuta daude, edozer egiteko prest daudelako. Gu apalagoak gara, baina irtenbiderik ez dagoela ikusten badugu, gu ere berotuko gara.
I.S.: Gure etxeak dira, gure auzoa, gure auzokideak, gure kuadrillak, gure egunerokoa… Hemen helburu bakarra dugu: babes ofizialeko etxebizitzen iraunkortasuna. Agintariek jakin badakite gure arazoa konpontzen ez bada, aurrekari larri bat izango dela guztiontzat. Ondorioz, mugitzen ari dira.
«510 familia gara, eta edozer egiteko prest gaude hemen bizitzen jarraitzeko»
Antxon Pro, Bentaberriko bizilaguna
Beraz, 2028ko azarotik aurrera, Bentaberrin biziko zarete?
I.S.: Geratuko gara eta kito. Auzoa gara. Eusko Jaurlaritzaren, Testa Homes putre funtsaren eta beharrezkoa den guztien aurka borrokan geratuko gara. Auzoa gara eta elkarrekin egongo gara.
A.P.: 510 familia gara, eta edozer egiteko prest gaude hemen bizitzen jarraitzeko.
Kronologia
1994. Eusko Jaurlaritzak Bentaberrin alokairuko babes ofizialeko 540 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa sustatu zuen. Metrovacesa eta Vallehermoso enpresek osaturiko Benta Berri aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu zioten promozioa, 75 urterako azalera eskubidearekin.
1998. Bentaberriko babes ofizialeko 510 etxebizitza zozkatu zituzten, eta gainerakoei beste erabilera bat eman zitzaien. Promozioak alokairu bidezko etxebizitzak izango zirela zioen, eta hamabi urteren ondoren etxe horiek erosteko aukera egongo zela. Gutxira, ordea, aukera hori kontratuetatik ezabatu zuten.
1999. Alokairu Benta Berri bizilagunen elkartea sortu zuten. Hasierako helburua etxebizitzak erosteko aukera lortzea zen, baina, gerora, etxejabeekin alokairuen kontratuen luzapenak eta prezioak negoziatzeaz arduratu ziren.
2003. EAEko babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa iraunkorra izatera pasatu zen. Dena dela, hainbat promozio salbuetsita geratu ziren, eta horietako bat da Bentaberriko etxebizitzena.
2016. Testa Residencial higiezinen enpresak Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak erosi zituen, eta alokairuen prezioek gora egin zuten.
2018. Blackstone putre funts estatubatuarrak Testa Residencial erosi zuen. Maizterrei kontratuak eteteko eta alokairuen prezioa igotzeko mehatxuak egiten hasi ziren.
2020. Victoria Noriegia Bentaberriko bizilaguna etxegabetzen saiatu zen Testa Homes (Blackstone). Alokairu eta Kaleratzeak Stop plataformen presioaren eraginez, etxejabeak akordio batera iritsi ziren Noriegaren abokatuarekin urte hartako urria bukaeran, eta ez zuten kaleratu.
2026. Alokairu eta Kaleratzeak Stop plataformen bidez, Bentaberriko 100 bizilagun baino gehiagok protesta esanguratsua egin zuten Eusko Legebiltzarraren aurrean, martxoaren 24an. Hiru autobusetan joan ziren Donostiatik Gasteizera.
2026. Donostiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan bizi diren familiek bizi duten arazoari irtenbidea bilatzeko pauso guztiak eman ditzala, martxoko osoko bilkuran.
2026. Eusko Legebiltzarrak tentsio handiko eremuetan etxebizitza babestuen kalifikazioa luzatzearen aldeko mozioa onartu zuen, ekainean.
2026. Donostiako Udalbatzak Bentaberriko babes ofizialeko 510 etxebizitzen kalifikazioa iraunkorra izatea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, ekaineko udalbatzarrean.

