Udal gobernuak 'Barrura begiratzeko leihoak' filmaren zuzendariek diru laguntzari uko egin izana deitoratu du
Esker ona azaldu die, “beste batzuk ez kaltetzeko diru kopuru garrantzitsu bati uko egiteagatik”
Bilduk bost euskal presoren inguruko dokumentalaren egileek udalaren diru laguntza ukatu izana deitoratu du. Udal gobernuaren ustez, Espainiako Barne Ministerioaren “mehatxuengatik uko egin behar izan dio” 9.000 euroko laguntzari. Barrura begiratzeko leihoak izena du Zinez ekoiztetxeak sustatutako proiektuak. Bost euskal presoren inguruko dokumentala izango da; eta bost zinema zuzendarik parte hartuko dute. Udal gobernuaren iritziz, “sarri ezkutatuta izan den errealitate soziala modu zabal eta humano batean azaleratzeko asmoz.
Filmaren zuzendariei esker ona azaldu die, “beste batzuk ez kaltetzeko diru kopuru garrantzitsu bati uko egiteagatik”. Udal gobernuak proiektua diruz lagundu izanaren inguruan piztutako polemika ere izan du hizpide Bilduk. Giza Eskubideetako zinegotzi Axier Jakak gogora ekarri du diru laguntza hauek emateko eskumena alkatearena dela, eta “normaltasun osoz” egin behar duela: “Legeari jarraituz egin dira gauzak eta beste alkateek erabaki hauek hartzerakoan izan duten errespetu bera eskatzen dugu”. Era berean, Giza Eskubideen batzordetik ez direla diru laguntzarik eman argitu du Jakak, “hori ez baitago bere eskumenen artean”.