Uliako natur gunea uztailaren 28an zabalduko dute
Herritar eta eragileek naturarekin lotutako jarduerak interpretazio zentroan antolatu ahal izango dituzte
Ulia Interpretazio Zentroak badu irekiera eguna: uztailaren 28a. Ostiral honetan, berriz, udal gobernuak natur gunea Cristina Enea Fundazioak kudeatu ahal izateko esleipena onartuko du. Lau urteko iraupena izango du lagapenak. «Pozez eta ilusioz» hartu duten erronka dela zehaztu du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.
Ulian zabalduko duten natur guneak hiru ardatz nagusi izango ditu: ingurumena, kultura eta turismoa. Horien baitan, eremu desberdinak jorratzeko jarduerak antolatuko dituzte. Hala, Ulia eta inguruko geomorfologia nolakoa den ikasi, landare eta animaliak ezagutu, itsas eremua arakatu eta paisaia eta historia ezagutzeko hamaika ekintza egingo direla deskribatu du Txema Hernandezek.
Proiektua, dena den, pixkanaka hazten joango dela zehaztu du Axier Jaka Ingurumen eta Herri Partaidetza zinegotziak. Hain justu, egitasmoa garatzeko naturarekin lanean ari diren eragile eta herritarrekin elkarlanean ari direla azaldu du. Elkarteek natur guneko ateak zabalik izango dituzte eta prestatzen dituzten ekintzak, natur gunearen filosofiarekin bat eginez gero, bertan egiteko aukera izango dute.
Ulia Interpretazio Zentroak, gainera, identifikazio irudi bat du. Armeria euskadiensi lorea da. Donostian 1976. urtean identifikatu zuten landare hori.


