Antton Troitiñoren atxiloketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte Intxaurrondon
Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar, LAB, STEE-EILAS eta EHNE Donostiako eragileek Antton Troitiño intxaurrondotarraren atxiloketa salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean, 13:00etan, Intxaurrondoko Zubiaurre biribilgunetik abiatuta. Gaur, ostirala, berriz, elkarretaratzea egingo dute MIrakruz Gainan, 20:00etan; kasu honetan, auzotarrek eurek deituta.
Aipatutako eragileen arabera, «atxiloketa hauek Espainiar Gobernuak euskal gatazkaren konponbidearekiko agertzen duen arduragabekeriaren adierazle dira. Euskal Herrian bizi ditugun garai berriei muzin eginez, iraganeko estrategiei eusten die Madrileko Gobernuak. Behin eta berriro, ETA-ren erabaki historikoari, erabateko arduragabekeriaz erantzuten ari zaio Madriletik».
Bestalde, gogoratu dute «bizi arteko espetxealdiaren ezarpen ankerrak eragin duela Antton Troitiñoren atxiloketa. Antton 24 urte eduki dute preso espetxean, espainiar auzitegiek ezarri zioten zigorra bete zuen, baina orain, bizi osorako mantendu nahi dute preso. Hori da orain artean Espainiar Gobernuak bakearen eraikuntzari egin dion ekarpena: espetxe politikan atzera urratsak egitea eta errepresio mekanismoak bere horretan mantentzea».