«Ez da filma jokoan dagoena, kultura eta adierazpen askatasuna baizik»
Zinez ekoiztetxeak, Donostiako Udalak emandako diru laguntzari uko egin diola adierazi zuen atzo; udalbatzarrean oposizioak diru laguntzaren inguruko mozio bateratu bat aurkeztu zuen egun berean.
Filmaren finantziazio iturriek sortutako polemikaren inguruko azalpenak eman zituen Haizea Belzak, filmeko ekoizpen laguntzaileak. Luix Barinagarrementeria abokatua ere izan zuen lagun. Filma akaso ez dela denen gustukoa izango, baina filma egiteko eskubidea dutela, eta jendeak hura ikusteko eskubidea dueladefendatu zuen Belzak. «Gure ustez, gobernuak ezin du sortzaileen sormen askatasuna murriztu», jarraitu zuen Belzak; eta gogora ekarri zuen Julio Medemek Euskal Pilota dokumentala egiteagatik sufritu zuen jazarpena. «Filma eman behar al diogu ministroari aldez aurretik esan dezan atsegin duena eta ez duena diru laguntza eskuratzeko? Ez diogu aukerarik emango gobernuari, gu aitzaki hartuta, gizartean ezinegona eta tentsioa sortzeko». Zinema egileak besterik ez direla eta horretara jarrita daudela azpimarratu du.
Haien ustez, filmak sortutako iskanbila «bidegabekoa» da.Kultur ekoizpenari dagokionez aurrekari «oso arriskutsua» izan daitekeela esan du. EAJ, PSE-EE eta PPko udal ordezkariekin bildu eta egitasmoa aurkezten saiatu direla, baina ez dituztela hartu azaldu du Belzak.
Herritarren babesaren eske
Donostiako Udalarena bakarrik ez, filma egiteko laguntza publiko oro baztertu duela plazaratu zuen. Era berean, herritarren babes ekonomikoa jasotzeko kanpaina bat abian jarri du Zinezek, proiektua bukatu ahal izateko laguntza behar baitu: «Kultur zaleen babes ekonomikoa behar dugu, berain ideologia politikoa zeinahi dela. Ez da filma bakarrik jokoan dagoena, adierazpen askatasuna eta kultura bera baizik». Ekoiztetxearen Zinez.net webgunean edozein pertsonak egin dezake bere diru ekarpena.
Udalak joan den astean erabaki zuen dokumentalari 9.000 euroko diru laguntza ematea. Horren ondotik, PSE-EEko ordezkariek udaleko Giza Eskubideen Batzordea uzteko erabakia hartu zuen. Era berean, Carlos Urkixo Espainiako EAEko ordezkariak adierazi zuen auzitara eramango zuela udala. Jorge Fernandez Espainiako Barne ministroak esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela filmari emandako laguntza. Izan ere, haren arabera, Bilduk laguntza hori emanda ez ditu betetzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi legezko izateko jarritako baldintzak, «terrorismoa goratzen» duelako.
Udal gobernua, esker onez
Udal gobernuak ohar bidez filmaren zuzendariek diru laguntzari uko egin izana deitoratu zuen. Esker ona azaldu zien, «beste batzuk ez kaltetzeko diru kopuru garrantzitsu bat baztertzeagatik».
Bilduren ustez, Espainiako Barne Ministerioaren «mehatxuengatik uko egin behar izan dio» 9.000 euroko laguntzari. Bost euskal presoren inguruko dokumentala «sarri ezkutatuta izan den errealitate soziala modu zabal eta humano batean» azaleratzeko asmoz sortu dutela esan zuen.
Giza Eskubideetako zinegotzi Axier Jakak gogora ekarri zuen diru laguntza hauek emateko eskumena alkatearena dela, eta «normaltasun osoz» egin behar duela: «Legeari jarraituz egin dira gauzak eta beste alkateek erabaki hauek hartzerakoan izan duten errespetu bera eskatzen dugu”. Era berean, Giza Eskubideen batzordetik ez direla diru laguntzarik eman argitu zuen Jakak, “hori ez baitago bere eskumenen artean”.
Euskal presoei buruzko filmaren inguruan sortutako polemika «bidegabekoa» dela uste du Zinez ekoiztetxeak
Bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren egileak,