Irudimenezko mundua bildu du Galtzagorrik Koldo Mitxelenan
Ganbara aretoa literatur txokoa izango da abuztuaren 25a arte, haurrek ipuin tradizionalez gozatzeko
Kontuari Kontu literatur txokoa zabaldu dute Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan. Galtzagorri Elkarteakk espazio magiko bihurtu du erakusketa gela, ipuinen irudimenezko mundua erabiliz. Abuztuaren 25era arte zabalik egongo da aretoa, asteartetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara. Goizetan, ordea, Mari Garcia dinamizatzairearen eskutik, haurrek bisita gidatuetan parte hartzeko aukera izango dute. Egitasmoa Itziar Zubizarretak sortu eta koordinatu du, baina aretoaren moldaketan 20 bat artista aritu dira. Guztira lau ipuin tradizional moldatu dituzte, eta irakurri, sentitu, ikusi eta entzun daitekeen unibertsoa sortu dute.
Lau marrazkilarik ere parte hartu dute lanaren osaketan, bakoitzak ipuin bat ilustratu duelarik: Alaba eta alabaordea (Eider Eibar), Errege Zorria (Jon Zabaleta), Hiru Olatuak (Maite Gurrutxaga) eta Zazpi lapurrak (Iñaki Martiarena Mattin). Haurrek helduen laguntzarekin bisitatzeko gunea da Ganbaran sortu dutena. Uda sasoia horregatik aukeratu dute, haurrek oporrak dituztelako. Aldundiak laguntza eman dio proiektuari, eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariaren hitzetan, bi helburu nagusi ditu: euskal ipuinak berreskuratu eta zabaltzea, eta ipuinen funtzio didaktikoa berreskuratzea.
Edizio berezia osatu dute
Erakusketaren harira, lau ipuinak edizio berezi bateran bildu dituzte, CD batekin batera, kutxatxo batean. CDan, ipuinen kontakizunak entzun daitezke, bereziki sortutako musikaren laguntzarekin. Material hori guztia 22 eurotan eros daiteke .