Jai giroa eta sagardoa nagusi dira, Altzan
Altzako sanmartzialen azken eguna hasia da. San Martzial plazako haur jolasetara eta azoka postuetara jendea hurbiltzen hasi da eguerdi partean. Festazaleek sagardo lehiaketan parte hartu duten sagardoak dastatzeko aukera dute. Epaimahaikideen ustez, Petritegikoa izan da guztietan onena; baina guztien maila “aparta” txalotu dute. Eztarria bustitzeaz gain, sabela goxatzeko aukera ere bada, Nao Etxeari esker. Hiru eurotan txistorra, gazta edo hirugihar taloak saltzen ari baitira. Han ere, sagardoa oparitan. Plaza erdian dagoen udal probalekuan hasi berria da idi proba. Goizean lau bikoteetako bi ariko dira, eta gainontzeko biak, arratsaldean. Giro onari eusteko, bertso saioa izango da 13:30ean. Amets Arzallus eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan.