Herriarteko txapelketako esku pilota finaletik kanpo geratu da Donostia
Atano III. ean, esku pilotan lehiatu ziren Donostia eta Hernani larunbat arratsaldean, eta giroa bildu zen frontoian. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalerdietako partidak jokatu zituzten, eta Hernanik lortu zuen finalerako txartela. Lan zaila zuen Donostiak, joaneko jardunaldian Hernanin jokatutako hiru partidetatik bi galdu zituenez, 26 tantoko aldea errekuperatu beharra bait zuen; ordukoan, kadeteek 15-22 irabazi zuten; jubenilek 22-1 galdu; eta nagusiek ere, 22-10 galdu zuten. Aldaketaren bat egin zuen Igor Baezek, Donostiako hautatzaileak, geratzen zitzaizkien aukera apurrekin aurrera egiteko, baina ezinezkoa izan zen. Hernanin gertatu bezala, kadete mailako partida bakarrik irabazi zuen Donostiak, eta ondorioz, kanporatua geratu zen, finala jokatzeko aukerarik gabe. Halaxe geratu ziren markagailuak larunbateko norgehiagoketan, 22-11 kadeteetan, 11-22 jubeniletan, eta 5-22 nagusietan.
Hernanik eta Berrobik jokatuko dute finala, Donostiako Atano III.ean, igandean, 10:30ean.