Realak lanari ekingo dio arratsaldean Zubietan
Oporrak amaitu dira Realarentzat eta, horrenbestez, datorren denboraldia prestatzen hasteko unea iritsi da. Txuri-urdinek Zubietan dute hitzordua, 16:00etan, ateak irekita egingo den lehen entrenamendu saioa dela eta. Montanierrek 21 jokalari izango ditu bere aginduetara. Denboraldia amaituta selekzioekin aritu direnek bakarrik huts egingo dute; Demidovek, Griezmannek eta Bravok, hain justu.
Aurredenboraldiak zazpi aste iraungo du, abuztuaren 19an hasiko baita denboraldi berria. Denbora horretan guztian bederatzi partida jokatuko dituzte prestaketa lana ahalik eta hoberen egiteko. Italian egonaldia egingo du Realak tarte horretan, eta Modena, Parma, Varese eta Siena izango ditu aurkari bertan. Hitzordu garrantzitsuenen artean uztailaren 18a dago. Egun horretan, Azpeitian jokatuko du Realak, Mikel Aranbururen omenaldian parte hartzeko asmoz. Eibar izango du aurkari.
