Amara Osinagako Karmengo jaiek Urumea ibaia izango dute ardatz
Amara Osinagako auzo elkarteak antolatu ditu hamazazpigarren aldiz Karmengo jaiak. Marisol Txokarro lehendakariak aurkeztu zuen aurtengo festa aldia. «Urtero bezala, jaietarako gai bat aukeratu dugu; aurten Urumea izan da; ibaia birgaitzeko gertatzen ari den korrontearekin bat egin nahi dugu». Hori dela eta, festetako ekitaldien artean, ez dira falta, besteak beste, edonori irekitako piragua zeharkaldia eta Cristina Enea Fundazioaren ipuin kontalaria eta tailerrak; hauek ura eta natura izango dituzte gaitzat.
Amaiur parkearen berreskuratzea jaietan ere nabarmendu nahi dutela adierazi zuten aurkezpenean. Auzo elkarteko kide eta jaietako arduradun Iñaki Olasagastik azaldu zuen hori dela jaien hasiera parkearen inguruan egiteko arrazoia. «Autobidearen sarrera egiten aritu zirenetik, utzita dago parkea, eta bada garaia berreskuratzeari ekiteko».
Aurtengo berrikuntza izango diren su artifizialak Amaiur parketik botako dituzte. «Parkearen beharra nabarmendu nahi dugu horrekin».
Aperitiboa eta diru bilketa Jaien tarte nagusia uztailaren 13an, 14an eta 15ean izango bada ere, auzo elkarteak ostiral honetarako prestatu ditu zenbait jarduera: 20:00etan hasiko den sardina jatea eta 10 egunetan Gregorio Ordoñez kalean izango diren barraken inaugurazioa. Egun hori, jaiak iragartzeko ez ezik, dirua biltzeko ere baliatuko dute. Izan ere, sardinengatik jasotako diruak jaiak ordaintzeko balioko baitu. Programa osoa ikusteko klik egin hemen.



