Iñaki Egaña: "Historia ezin da aldatu, baina haren gaineko ikuspuntua berritu daiteke"
Hiriaren historiaren mugarrietako bat den 1813ko sarraskia oinarri hartu du Iñaki Egañak ‘Donostia 1813. Quienes, como y por que provocaron la mayor tragedia de la historia de la ciudad’ liburuan. Ezagunak diren datuei ikuspuntu berri bat ematen saiatu da amaratarra.
“Historia ezin da aldatu, baina haren gaineko ikuspuntua berritu daiteke”. Ahalegin hori egin du Iñaki Egaña historialariak (Amara, 1958) bere azken lanean. Donostia 1813. Quienes, como y por que provocaron la mayor tragedia de la historia de la ciudad liburuan, hiriaren historian mugarri izan zen 1813ko sarraskia ikertu du. Ezagunak diren datuak eta informazioei ahaztuak izan diren beste batzuk gehitu dizkie. Hala ere, ikerketaren begirada da berritasun nagusia. XXI. mendeko donostiarren ikuspuntutik idatzi du, baina garaian kokatzeko ahalegina eginez.
2010eko abuztuaren 31n, 1813ko suntsitzeari buruzko hitzaldi baten ondoren, Txertoako editore Martin Ansok liburua idaztera animatu zuen. Une horretan beste ikerketa batekin ari zen Egaña, eta ezezkoa eman zion. Ansok, ordea, ez zuen baiezkoa lortu arte amore eman. 2011ko urtarrilaren 20an izan zen. Orduan hasitako ikerketaren emaitza 300 orriko lanean jaso du historialariak. 273 kapituluetan –batzuk pare bat baino ez dira– izenburua osatzen duten galderei erantzuten saiatu da. Hau da, nortzuek, nola eta zergatik suntsitu zuten hiria.
Asko idatzi da 1813ko gertaerari buruz; eta zaila da ia bi mende geroago datu berriak kaleratzea. “Dena esana dago, baina zulo beltz handia dago testuinguruari dagokionez”. Hor sakondu eta orain arteko lanetan falta zen testuinguru globala ematen saiatu da amaratarra. Bere burua garaian kokatzen ere saiatu da; horretarako hiriaren egunerokotasuna, itxura… azaldu eta ahaztu ohi diren datuak nabarmendu ditu. Esaterako, 1807-1808 urteen artean Napoleonen gudarosteetako 250.000 soldaduk –frantsesak, italiarrak, prusiarrak, errusiarrak…– muga igaro zutela edo Bizkaian gerra zela.
Liburuaren oinarri bibliografiko nagusiak udalaren 1813 eta 1814 urteetako bi txosten sakon eta 79 donostiarren lekukotzak jasotzen dituen epail bat dira. Horrekin batera, orain arte asko erabili gabeko iturriak ere baliatu ditu. Esaterako, Espainiako Artxibo Nazionalak digitalizatu berri dituen Napoleonen gerren garaiko artxiboak. Horrekin batera, ingelesez eta frantsesez idatziak daudelako oharkabean pasatu diren hainbat idatzi ere. Horiek guztiak esku artean izanik, interpretatu eta bere hipotesiak proposatzen ditu Egañak.
Gezurrak eta mitoak
Nahiz eta liburuko protagonistak garai hartako donostiarrak izan, militarrek ere euren tokia dute kontaketan. Egañak jaso duenez, Cadizko gorteen aliatua zen gudaroste ingeleseko ofizial gehienak Indiatik etorri ziren. “Hiriaren aurkako erasoaren ardura Thomas Grahamek izan zuen. Bizizalea zen. 60 urtetik gora zituela sartu zen armadan. Estrategia militarrari buruz ezer ez zekien”, argitu zuen amaratarrak. Arthur Wellsley –Wellingtoneko dukea Waterlooko guda ostean– arduratu zen setioaz, eta bera da Egañaren ustez “gezurren sorburua”. Izan ere, urtetan Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urte askotan salatu behar izan dute hiria suntsitu, emakumeak bortxatu eta herritarrak hil zituztenak frantsesak beharrean ingelesak izan zirela. “Wellingtonek hiruzpalau aldiz ukatu zuen. Frogak zeudela jakitean, albo-kalteak izan zirela esan zuen; Donostia menpe hartzea garrantzitsuagoa baitzen”. Francisco Javier Castaños jeneralaren erantzukizunari dagokionez, aipatutako lekukotzetan azaltzen denez, uztailaren 25eko erasoan atxilotuak izan ziren soldadu portugesek eta ingelesek jakinarazi zieten hiritarrei Castañosek donostiarrak hiltzea eta hiria suntsitzea agindu zuela.
Gertaerari buruzko mitoek ere tartea dute liburuan. “Egia ez direnik ez diot, baina askok ez dute oinarri sendorik”. Jasotakoen artean bi nabarmendu zituen Egañak aurkezpenean. Batetik, biktimak. “Egun ez dakigu oraindik zenbat herritar hil ziren. Bi gudarosteetako hildako, desagertu… datuak bai, baina herritarrenak ez, horregatik espekulazio ugari izan da”. Hildako gehienak ez ziren sarraskiaren ondorioz hil, malariagatik baizik. “Ibaetako aintziretatik malaria zabaltzen da. Urtebete behar izan zuten gaitza identifikatzeko, eta ordurako, epailearen idatziaren arabera, 1.500-1.600 lagun hilak ziren”.
Bestetik, hirik kutsu frantsesa zuela esan ohi da. “Ez besteek baino gehiago. Hirian euskara hitz egiten zen nagusiki, lekukoetako askok itzultzailea behar izan zuten epaile aurrean hitz egiteko. “Ez diot egia ez direnik, baina ez dute oinarri sendorik”.
Ibilbide historikoa, bihar
Donostiarrei liburua aurkezteko ekimen berezia bururatu zaie Txertoako arduradunei. Izan ere, Iñaki Egañak gidatutako ibilaldi baten bidez azalduko baitu edukia. Bisitaldia Gipuzkoako plazako liburu azokan hasiko dute, bihar, 19:00etan. Handik Parte Zaharrera joan, eta auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, ordubetez. Bidean geldialdia egingo dute, besteak beste, Bulebarrean, Bretxan, Abuztuaren 31ko kalean, Santa Maria elizan eta Portaletan.

