Duela hogei urte Donostiatik irten zen Frantziako Tourra, lau hamarkada lehenago hirian izan eta gero
Lasterketa 1949. urtean izan zen lehen aldiz hirian, Pirinioetako etapen atarian
1992ko uztaileko lehen egunetan, Donostia munduko txirrindularitzaren hiriburu bihurtu zen. Frantziako Tourra Donostiatik irten zen urte hartan. Jada hogei urte igaro dira. Uztailaren 3an, 4an, 5ean eta 6an izan zen Tourra bertan. 21 txirrindulari talde etorri ziren.
Lehen ekitaldi ofiziala Anoeta Belodromoan izan Frantziako Tourreko talde parte hartzaile guztien aurkezpena egin zuten. Donostiako Orfeoiak, Duncan Dhu taldeak, Serafin Zubirik eta Joan Manuel Serratek kantatu zuten egun hartan.
Uztailaren 4an, sarrerako etapa egin zuten, erlojupekoa. 189 txirrindularik 8 kilometroko ibilbidea egin zuten hirian zehar. Udaletxetik irten ziren. Kontxako pasealekua, Zumalakarregi hiribidea, Tolosa hiribidea, San Martin kalea… Maria Kristina hotela izan zuten helmuga. Miguel Indurainek egin zuen denborarik onena, eta maillot horia jantzi zuen. Tourra ere hala bukatu zuen, maillot horiarekin.
Uztailaren 5an 194,5 kilometroko ibilbidea egin zuten. Donostiatik irten, eta ia Gipuzkoa oso-osorik zeharkatu zuten: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Tolosa, Andoain, Donostia, Pasaia, Errenteria, Jaizkibel, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Astigarraga, Hernani eta Donostia. Helmuga Zurriola pasealekua izan zen. Bigarren etapa honetan Dominique Arnould izan zen garaile. Alex Zullek maillot horia kendu zion Induraini, denbora-sariei esker. Uztailaren 6an Donostia utzi zuten eta Pau-ra bidea hartu zuten txirrindulariek.
Coppi eta Bartali
Lau hamarkada lehenago, 1949. urtean, Frantziako Tourra Donostian izan zen ere. Lehen aldiz hiria aukeratu zuten lasterketari ostatu emateko. Coppi eta Bartali italiarren arteko lehia izan zen urte hartako itzulia, baina Donostian Caput frantziarrak altxatu zituen besoak, ihesaldi baten barruan azkarrena izan eta gero.
Bihar, Itzurun gehigarrian, Tourrak Donostian egindako bi egonaldiei buruzko erreportaje zabala argitaratuko du Irutxuloko Hitzak.